"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta artista plastikoa da. Barquisimeton jaio zen, Venezuelan. Parisen animazioko zinema ikasi ondoren, EICTV Zinema Eskolan (Kuba) graduatu zen lehenengo belaunaldikoa izan zen. Berak egindako Calle 22 film laburrak mundua zeharkatu zuen eta nazioarteko 22 sari jaso zituen.
Bere lehenengo film laburra, A la media noche y media (2000), Marité Ugásekin batera zuzendua, Tokioko zinema-jaialdian estreinatu zuen, 40tik gora nazioarteko jaialditan aurkeztu eta lehenengo pelikula onenaren bost sari jaso zituen. 2007an, Postales de Leningrado estreinatu zuen eta nazioarteko 25 sari irabazi zituen. Horien artean, ondokoak nabarmentzen dira: Keralako FIPRESCI saria eta zuzendari onenarena, eta Sao Pauloko Mostrako zuzendari hasiberri onenarena.
Ondoren, bere Sudaca Films enpresarekin Marité Ugásek zuzendutako El chico que miente filma (2011) ekoitzi zuen eta Berlingo zinema-jaialdian estreinatu zuten. Urte horretan, Venezuelako film arrakastatsuena izan zen.
2013an, Pelo malo estreinatu eta Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen. Beste hainbat sari ere lortu zituen filmak. Horien artean, nabarmenenak: Mar del Platako zinema-jaialdiko gidoi onenaren eta zuzendari onenaren Zilarrezko Astorrak; Tesalonikako Brontzezko Alexanderra eta Fipresci saria; eta Turingo zinema-jaialdiko gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak.
Orain, Contactado ekoizten ari da (Marité Ugásek zuzendua); filmaketa 2015aren hasieran abiatzea espero da.
Arte plastikoen eremuan, robotika eta arte elektronikoa lantzen ditu. Brisarekin batera iritsi zara pieza (Telefónica Fundazioa saria) Caracasen, Mexiko Hirian, Pueblan, Gijónen, Liman, Santiagon eta Beijingen erakutsi du (2008ko Olinpiar Jokoetako Kultur Proiektua izan zen). Pieza berriena, Superblokeak, 2014an Rio de Janeiron, Toulousen eta Caracasen egon da ikusgai. Orain, eskala handiko Armiarma proiektu interaktiboa lantzen ari da.