"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
MUNDU MAILAKO ESTREINALDIA
On Any Sunday estreinatu zenean (1971), ez zen pelikula bat gehiago izan. Bruce Brownen zuzendaritzapean (surfari buruzko The Endless Summer klasikoa ere sortu zuen), motorraren munduaren begiratu hau mundu osoko hartzaileengana iritsi zen, protagonisten istorio hurbilek liluratuta utzi zituzten eta Akademiaren dokumental onenaren sarirako izendapen bat jaso zuen. Lau hamarkada geroago, On Any Sunday-The Next Chapter filmak motorrarekiko grinak bizirik dirauela erakusten du. Dana Brown arduratu da ondorengo film honetaz, eta mundu osoan motorrean ibiltzeak sortzen duen sentsazioaren esanahia jaso du. Akzioak eta emozioak aho bete hortz utziko gaituzte: atleta miresgarriak, berrikuntza iraultzaileak, Hollywoodeko izarrak eta motorra bizia salbatzeko erabiltzen duten ameslariak agertzen dira. On Any Sunday-The Next Chapter motozikleta batek eman diezazkigukeen plazer eta sentsazio guztien betiereko erretratua da.