"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mathieu Amalric-ek George Simenonen eleberri baten egokitzapen hau zuzendu du eta protagonista ere bera da. Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen. Gizon bat eta emakume bat, ezkutuan maiteminduta, gela batean bakarrik. Elkar desio dute, maite dute eta batak besteari kosk ere egingo diote. Maitasunaren ondoren, elkarri hitz hutsal batzuk esango dizkiote, edo gizonak behintzat horixe uste du. Baina poliziaren eta auzitegien ikerketapean, Julien hitzik gabe geratuko da: «Bizitza ez da berdina bizi dugunean eta ondoren kontatzen dugunean». Zer gertatu da? Zer leporatzen diote?