Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan da aurten 62. Zinemaldiak eskainiko duen atzera begirakoaren izenburua. Zikloak Bigarren Mundu Gerra ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du. Haren bitartez zinematografia horien sormen-aberastasuna ezagutuko dugu, baita azken hamarkadako talentu berriak ere. Hala, aurreiritzi eta estereotipo guztiak baztertzea lortu nahi dugu, eta herrialde horietako errealitatera hurbiltzea, bertakoen eskutik.
Aurten beteko dira 25 urte Berlingo harresia eraitsi zutela. Gertakari horren ondorioz Gerra Hotzaren ezaugarri nagusi izandako Europaren banaketa amaitu zen, baita Sobietar Batasunak hainbat herrialderen gainean izandako menderaldia eta gainerako Europarekiko bereizketa ideologiko eta kulturala ere. Une horretatik aurrera, gertakari historiko garrantzitsu batzuek erabat aldatu zuten "Ekialdeko Europa" izenez ezaguna zen bloke hura osatzen zuten herrialdeen geografia politikoa: Balkanetako Gerra eta Yugoslavia ohiaren banaketa tragikoa; Errumaniako iraultza; Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren desagertzea, hainbat estatu-kidek independentzia aldarrikatu ostean; Txekoslovakiaren banaketa, eta abar. Erregimen komunista zaharretatik merkatu-ekonomietara aldatzea eta erregimen sobietikoak ordura arte zapaldutako kultur produktuak eskuratzeko aukera ere erabakigarria izan zen herrialde horietako gizarte-aldaketak eragiteko orduan, bai komunismoan bizi izan ziren belaunaldien artean, bai Harresia erori ostekoetan ere.
Hogeita bost urte eskasetan gizarte komunistak goitik behera eraldatu dituzten gertakari horiek beren isla izan dute herrialde horietan eginiko zineman, eta orain, prozesu sozial eta politiko horien erregistro eta lekuko da. Besteak beste, Errumania, Hungaria, Polonia eta Txekiar Errepublikatik datozen zinemagile-belaunaldi berriek mundu osoko kritikarien eta ikusleen arreta bereganatu dute, baita zinema-ekoizpenetan pizgarri berriak dituzten herrialdeetako proposamenek ere: Bulgaria, Errepublika Baltikoak, Eslovakia, Eslovenia, Moldavia eta Mazedonia. Guztiek ere imajinario berriak eskaintzen dizkiete ikusleei: egungo giza paisaiak erretratatzen dituzten gai sozialeko filmak; orain arte ezkutuan izan diren azken hamarkadetako gertakariei buruzko birsorkuntza historikoak; publiko berri bati zuzenduriko genero-zinemako ereduak; heredatu duten munduari buruz beren ikuspegia eskaini nahi diguten zinemagile berrien lanak... Gizarte horien irekitasuna, haiei buruzko kritikak eta gogoeta historikoak, edo haien etorkizunaren gaineko ziurgabetasuna dira zinema-fresko aberats honek landuko dituen gaietako batzuk, eta, zalantzarik gabe, hainbat hamarkadaz ezagutu ezin izan genuen eta egungo errealitate berriari aurre egin behar dion Europa hori hobeto ulertzen lagunduko digute.
Atzera begirakoak 50 film bilduko ditu guztira, honako herrialde hauetakoak: Albania, Bosnia, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania; film horietako asko argitaragabeak dira gure herrialdean. Zikloak honako izenburu hauek eskainiko ditu: No Man's Land (2001), Danis Tanovic zuzendariarena; The Blacks (2009), Goran Dević & Zvonimir Jurić zuzendariena; Children of Sarajevo (2012), Aida Begic-ena; The Parade (2011), Srđan Dragojević-ena; How I Killed a Saint (2004), Teona Strugar Mitevska zuzendariarena; The Temptation of St. Tony (2009), Veiko Õunpuurena; Cooking History (2009), Peter Kerekesena; The Wild Bees (2001), Bohdan Sláma zuzendariarena; Hukkle (2002), György Pálfirena; The Death of Mr. Lazarescu (2005), Cristi Puiurena; 12:08 East of Bucharest (2006), Corneliu Porumboiurena, eta Panihida (2012), Ana-Felicia Scutelnicu eta Tito Molina zuzendariena, besteak beste (behin-behineko izenburuak). Zikloa osatzeko Mathieu Darras-ek koordinaturiko argitalpen bat aterako dugu.
Atzera-begirakoa, San Telmo Museoa, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua, Euskadiko Filmategia eta CulturArts IVAC-ekin batera antolatua izan da.
BERRIAK