Dorothy Arzner (1897-1979) Hollywoodko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesionala egitea lortu zuen emakume bakarra izan zen. Ez da halako besterik egon AEBetako zinemaren historian. Donostia Zinemaldiaren 62. edizioak omenaldia egin nahi dio Arznerren lanari. Arzner aitzindaria izan zen emakumeak zinemaren industrian sartzeko lanean, eta bere estilo eta nortasun bereziak ospe handia eman zioten Hollywoodko estudio-sistemaren barruan.
San Franciscon jaio arren Los Angelesen hezi zen Arzner. Gurasoek kafetegi bat zuten eta han biltzen ziren garai hartako aktore eta zuzendari ospetsuenak: Charles Chaplin, William S. Hart eta Erich von Stroheim, besteak beste. Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean lizentziatu eta I. Mundu Gerran anbulantzia-gidari gisa aritu ostean, Arzner kazetaritzaren munduan sartu zen, baina lagun baten bitartez William C. DeMille zuzendaria (Cecil B. DeMille ezagunaren anaia) ezagutu zuenean bere bizitzaren norabidea aldatu egin zen betiko: filmatze-estudio bat ezagutu ostean, zinema-zuzendari izan nahi zuela erabaki zuen. Zinemaren munduan egin zuen lehen lanean estenografo aritu zen Players-Lasky estudioan (geroago Paramount izango zena), filmen gidoiak transkribatzen. Bere trebeziari eta borondate sendoari esker erantzukizun handiagoko lanak lortzen joan zen: sinopsi idazlea, errodajeko script-a eta, azkenik, muntatzailea. Muntaketa-gelan irabazi zuen Arznerrek hain zuzen osperik handiena Hollywoodeko industriaren barruan; guztira 52 filmetan lan egin zuen eta sarritan lagundu zion James Cruze zuzendariari. Rudolph Valentino protagonista zuen Blood and Sand (Odola eta harea,1922) film ezagunean muntatzaile-lan bikaina egiteaz gain, bigarren unitatearen grabaketaz arduratu zen, zezenketei buruzko eszenetan. Horretaz gain, gidoilari ere aritu zen Cruzeren zenbait lanetan.
Arznerrek presioa egin zion Paramount etxeari film bat zuzentzen utzi ziezaion, eta estudioko zuzendariak mehatxatu zituen, Columbia estudio lehiakideak eginiko lan-eskaintza bat onartuko zuela esanda. Azkenik, Fashions for Women (1927) filma zuzentzea lortu zuen, eta, hurrengo urtean, soinudun film bat zuzendu zuen historiako lehen emakumea izan zen; Manhattan Cocktail (1928) izan zen film hura. Ondoren, 1930eko hamarkadan eta 1940ko hamarkadaren hasieran hamabost film gehiago zuzendu zituen, eta Hollywoodko izar handiekin lan egin zuen, besteak beste: Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawford. Haiekin guztiekin emakumeen pertsonaiek garrantzi berezia zuten komediak eta melodramak egin zituen. The Wild Party (1929), Anybody's Woman (1930), Sarah and Son (1930), Honor Among Lovers (1931), Working Girls (1931), Merrily We Go to Hell (1932), Christopher Strong (1933), Nana (1934), Craig's Wife (1936) eta The Bride Wore Red (1937).
1933an AEBetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zen lehen emakumea izan zen, eta hainbat hamarkadaz emakumezko kide bakarra izan zen. Horretaz gain, pertika-mikrofonoaren asmatzailea izan zen; izan ere, soinudun zinemaren lehen urteetan arrantzarako kanabera bati lotutako mikrofono bat erabiltzen hasi zen.
Urteekin asko harekin ahaztu baziren ere, 60ko hamarkadako mugimendu feministek aldarrikatu egin zuten Arznerren izena, eta hainbat omenaldi egin zizkioten; besteak beste, AEBetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean. Gaur, Arznerren filmografiak balio berria hartu du, ez bakarrik AEBetako zinemaren barruan salbuespen bitxia izateagatik, baita berez dituen balioengatik ere. Arznerren lanek arrastoa utzi zuten. Estilo bisual landuko film haietan zalantzan jarri zituen garaiko sexu-rolak, baita emakumeak gizartean betetzen zuen zeregina ere, eta Hollywoodko egitura zurrunaren barruan ukitu homosexual ezkutuak sartzea lortu zuen, zenbait kritikariren esanetan.
Donostia Zinemaldiak Dorothy Arznerri eskainiko dion atzera begirakoa Espainiako Zinematekarekin batera antolatuko dugu. Zikloa osatzeko bere irudia eta lana aztertuko dituen argitalpen bat aterako dugu.
BERRIAK