Benicio del Torok kritikarien gorazarrea eta hainbat sari lortu ditu bere ibilbidean. Ameriketako Estatu Batuetako Zinema Akademiak antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria eman zion, Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik eta Alejandro González Iñárrituren 21 Grams (21 gramo) filmean egindako lanagatik Oscar sarietarako izendatu zuen. Aurrerago, Soderberghekin berriro lan egin zuen, Che Guevarari buruzko Che film biografikoko protagonista gisa. Bere interpretazioagatik 2008ko Cannesko zinema-jaialdiaren bukaerako ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palmorria jaso zuen, eta hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria. Benicio Joe Johnstonen The Wolfman filmeko protagonistetako bat izan zen, Emily Blunt eta Anthony Hopkinsekin batera, eta Oliver Stonen Savages filmean Lado pertsonaia nagusiaren rola jokatu zuen. Horrez gain, Jimmy P. filmean Jimmy-ren rola jokatu zuen (2013ko Canneseko zinema-jaialdian eman zuten filma). Pantailan, azkenekoz, Walt Disney Pictures eta Marvel etxeen zientzia-fikziozko akziozko Guardians of the Galaxy pelikulan agertu da, 2014ko abuztuan. Escobar: Paradise Lost filmean Pablo Escobarren rola jokatzen du; datorren urtean, berriz, Mambrú izango da, Fernando Leónen A Perfect Day filmean, eta Sauncho Smilax, Paul Thomas Andersonek zuzendutako Inherent Vice-n. Orain, Denis Villeneuveren Sicario lana filmatzen ari da.
Del Torok, aurretik, honako film hauetan lan egin du: Frank Millerren Sin City komikiaren egokitzapenean (Robert Rodriguezek zuzendua); Peter Weirren Fearless-en, George Huangen Swimming with Sharks-en, Abel Ferrararen The Funeral-en, Guy Ritchieren Snatch-en, Sean Pennen The Indian Runner eta The Pledge-n, Christopher McQuarrieren The Way of the Gun-en, William Friedkinen The Hunted-en, Susanne Bierren Things We Lost in the Fire-n (bere protagonistakidea Halle Berry izan zen) eta Terry Gilliamen Fear and Loathing in Las Vegas filmean, Gonzo doktorearen rolean.
Bere lehenengo pelikula John Glenen License to Kill izan zen (Timothy Dalton aktoreak bete zuen James Bonden rola), eta orduz geroztik bere antzezpen-lana kritikarien artean txalotua izan da. Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria lortzeaz gain, Urrezko Globoa, Zinemako Aktoreen Sindikatuaren Saria, BAFTA saria eta Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiko Zilarrezko Hartza irabazi zituen. Halaber, New Yorkeko Zinema Kritikarien Taldearen, Zinema Kritikarien Elkarte Nazionalaren eta Chicagoko Zinema Kritikarien Elkartearen aipamenak jaso zituen. Bestalde, 21 Grams pelikulan egindako lanarekin 2003ko Veneziako nazioarteko zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren Ikusleen Saria irabazi zuen. Bryan Singerren The Usual Suspects filmeko Fred Fenster pertsonaiaren antzezpenagatik eta Julian Schnabelen Basquiat filmeko Benny Dalmau pertsonaiaren antzezpenagatik Independent Spirit sari bana irabazi zituen.
Del Toro Puerto Ricon jaio, eta Pennsylvanian hazi zen. Kaliforniako Unibertsitatera joan zen (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan aritu zen. Horietako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki-jaialdi batean parte hartu zuen. Stella Adler kontserbatorioan ikasi zuen, Arthur Mendoza tutore zuela.