"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Cédric Kahn zuzendari frantziarrak Vie sauvage film berria mundu mailan aurkeztu du Zinemaldiko lehiaketazko sailean, norberak bere bizi estiloa aukeratzeko askatasunari buruzko hausnarketa hunkigarria pantailaratuz.
Pelikulak Mathieu Kassowitzek antzeztutako Paco, eta Nora, Céline Salletek haragitua, eta euren hiru semeen bizimodu alderraia du abiapuntu. Bikotea banantzean, aita sei eta zazpi urteko semeekin bizi da, amari ez itzultzea erabaki duelako, hark zaintza eskuratu ondoren. Lehenengo haur gisa eta gero nerabe gisa, gazte biak ezkutuanbizitzera behartuta egongo dira, eta hainbat nortasun izango dituzte. Poliziak jazarri egingo ditu, baina beti aske biziko dira eta etengabe mugitzen. Naturarekin harmonian biziko dira, bidean egingo dituzten lagunekin elkartasunezko loturak sortzen, sistematik kanpo bizitzeaz pozik.
“Gertakizunak nahiko modu klasikoan abiatzen dira, epaileak zaintza amaren alde erabaki baitu; aitzitik, ez da horren konbentzionala bi seme gazteenak hartu eta ospa egiteko aitaren erabakia”, adierazi du zinemagileak.
Prentsaurrekoan, aktoreak ez ezik benetako historiaren protagonistak ere izan dira: “Sistematik kanpo, naturan bizi izan genuen haurtzaro paraleloa kontatzen du pelikulak,nomadak bezala bizi izan ginen hamaika urtez, gurasoetako batekin bakarrik, eta hala ere bizimodu haren oso oroitzapen onak dauzkagu”, azaldu du Shahi Yenak. “Aitak goizero eskolak ematen zizkigun, eta gero arratsaldetan bizimodu basati horretan murgiltzen ginen”, gaineratu du honen anaia Okawik.
“Historia honetatik gehien interesatu zitzaidana haurrek erabakitzeko aukera izatea izan da eta nola euren nortasunak eraiki zituzten aita nonahiko eta ahaltsuaren eraginpean, amaren gerizpe emozionalik gabe. Benetako protagonisten lekukotzatik haruntzago noa filmean, auziaren neronen interpretazioa eskaintzen diot ikusleari”, ziurtatu du zuzendariak.
“Klandestinitatean bizi ginen guk bizi nahi genuen bizimodua bizi ahal izateko”, argitu du Okawik zera baieztatuz “berriz aukeratu behar izango banu, gauza bera egingo nukeen, oso urte aberasgarriak izan ziren”.
Gainerakoan, zuzendariak aktore guztien jarduna goraipatu du, hala umeena, nola nerabeena, baita gurasoena ere. Aitzitik, Kassowitzen parte-hartzea azpimarratu du: “Hasiera batean ez nintzen rola Mathieuri eskaintzea ausartu, ezezkoa emango zidala sinestuta nengoen; haatik, behin eskainita berehala onartu zuen. Oso eroso sentitu da Pacoren paperean, batzuetan antzeztu beharrik ere ez zuela ematen zuen”. S.B.