"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Soroa, Jorge Oteizaren poema baten oinarrituta, Asier Altunak zuzendutako ikus-entzunezko pieza da. Bertan lur elkorra, eguzkia, haizea eta orokorrean naturaren elementuak ditugu protagonista. “Niri betidanik Oteizaren testuek oso irudi indartsu eta sujerenteak ekarri dizkidate burura, Bertsolari filmean ere erabili nituen. Oraingoan, Oteizaren poemaren bitartez, naturaren inguruan sortu dut zerbait”, dio Altunak. Entzulea narrazio sinple baina oso bisual batean murgiltzen doan heinean, bakoitzari gauza desberdinak datozkio burura. “Irudi eta soinu aldetik oso film labur esperimentala da, eta izugarria izango da belodromoko pantailan ikustea”. Erantzunak baino gehiago, galderak planteatu nahi dituen lan honen filmaketa hilabetez luzatu zitzaion errealizadoreari: “Gidoian hain erraz idazten duzuna gero ez da filmaketan hain erraza izaten. Bardeak paraje haietako eremu hutsengatik aukeratu genituen, naturak bertan eragiten dituen aldaketak islatu nahi genituelako: haizea, ekaitza, tximistak, trumoiak. EuriaBardetan. Eta hori urtean zehar oso gutxitan gertatzen da”.
N.A.