"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gertakari errealetan oinarritutako zinta xume honek Modris letoniar gaztetxoaren egunerokotasun grisa erakusten du. Grisa ala beltz-beltza. Ene, hura da nerabe baten bizimodu tristea, gogorra, zail eta itsusia!
Modris amarekin bizi da. Ezagutzen ez duen aitaz galdegiten duenero, kartzelan dagoela erantzuten dio batere maitakorra ez dirudien amak. Oso harreman hotza dute, beharbada semeak ez dituelako amaren hitzak sinesten, eta burua beste tokiren batean duelako, ziur. Beti diru eske, edonondik ateratzeko prest dago, alkohola edan, tabakoa erosi eta batik bat tabernako makina txanponjalean jolasten jarraitu ahal izateko. Bizioei lotuta eta xentimorik ezean, etxeko berogailua saltzea erabakiko du. Ordu txarrean, mutilak.
Amak ezin du gehiago. Modrisek ez dio ia aurpegira begiratzen, eta hori gutxi bazen, orain, negu gorria denean, etxea berogailurik gabe utzi du. Ez zaio semea lapurretaz akusatzea baino irtenbide hoberik bururatuko. Ama batek semea akusatzea… imajinatu.
Aurrerantzean, baldintzapeko askatasuna ezarrita, txintxo baino hobeto jokatu beharko du, kartzela ekidin nahi badu behintzat. Baina bizitza ez da erraza goxotasunik gabe hazi eta hezi den gure protagonista galduarentzat.
Letonia, Grezia eta Alemaniaren arteko elkarrekoizpen txiki honek tristura baino ez digu igorriko. Oso baliabide gutxirekin baina ausardiaz, eskuzko kamerarekin hartutako planosekuentzia luzeen bitartez kontatua, une batzuetan eskandinabiarrek joan den hamarkadan modan jarritako Dogma estiloari oroitzaraziko digu. A.M.