"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
7 días en La Habana taldelana filmatu eta bi urte geroago, Laurent Cantet, egungo zinemagile frantziar interesgarrietakoa Kubara itzuli da, hain zuzen Paduraren liburua oinarritzat duen istorio polit eta oso gozagarria ohi duen maisutasunarekin filmatzeko.
Antzezlan baten egituratik ez dago oso urrun. Ia bere osotasunean Habanako malekoi parean dagoen teilatu gaineko terraza batean kokatua, beheko solairuko jangelan garatzen den sekuentziaren salbuespen bakarrarekin, aspaldiko partez elkartuko diren bost lagun minen topaketa gazi-gozoa erakusten du. Film osoa egun berean garatzen da, arratsaldean hasi eta biharamun goizera arte. Guztia, altzari zahar eta puskatuez apaindutako terraza kubatarretan kubatarrenean. Gaztetan kristonak egin zituzten elkarrekin. Lagun minak ziren, eta ustez leialak. Orain, berriz, erretiratzeko adinetik gertu, urte pila Madrilen bizi izan den horietako baten itzulera ospatzeko aitzakiarekin elkartu dira. Hasierako besarkada eta musuak emanda, oroitzapenak gogora ekartzen hasi orduko, lehen purrustadak iritsiko dira. Berehala jabetuko gara orduko laguntasun itsuak ez direla hain garbiak, urteen poderioz harreman estu haiek erdi urratu egin direla, eta galdera asko dituztela batzuek besteei argitu beharrak.
Cantetek bikain deskribatutako boskote kubatarraren solasaldi amaigabe horien bitartez laguntasunaren baloreez hausnartuko dugu, amets galduek gizakiongan eragiten dituzten frustrazioez, testuinguruak bakoitzarengan duen eragin ukaezinaz, adin batera iritsita bakarrik sentitzeak eragin dezakeen beldur eta minaz, iraganarekiko nostalgiaz… eta guztia, Kuba bezalako herrialde zail batean hala-nola biziraun behar duten biztanle arrunt batzuen topaketa intentsu horri eskerrak. A.M.