"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Txekiar Errepublika eta Eslobakia arteko mugako herrixka batean, Marek gazteak txakurra du lagun bakarra. Pitbull bat, txakur amorratua bera bezalakoa, xaxatuz gero. Hortz artean daukan presa txikitu arte bakerik ez duen animalia basa, oldakor eta mesfidatia. Baina lagun paregabea era berean, esanekoa eta fidela.
Aitarekin bizi da Marek, mahasti zahar batetik ateratzen duten ardo merkea bizilagunen artean saltzen. Estuasun ekonomikoek mahastiaren zati bat saltzera behartzen dutenean, Mareken aitak laguntza eskatzen dio gazteari, ondoko herrixka batean bizi den amaren bila joan dadin eta lur saila saltzeko beharrezkoa duen adostasunezko agiria sina diezaion.
Arazoa da ama ijito batekin ezkondu zela haiengandik alde egin zuenean, eta seme bat izan duela; arazoa da Marek neonazia dela, ilea arras moztuta dabilela lagunak bezala, eta berez ez dituela ijitoak gustuko; arazoa da lagunekin ezin dela horrela azaldu, anaia beltzaranarekin; arazoa da erakutsi diotela gorrotatu behar dituela bera bezalakoak ez irenak. Arazoa da txakurragatik errespetatzen dutela, txakurragatik bakarrik; arazoa da ama maite duela; arazoa da beldur dela, beharbada anaia txiki hori ere maitatzera irits daitekeelako.
Arrazakeria, bazterkeria, bakardadea. Txakur bat eta gazte bat munduko arazo guztiek bat egiten duten Europa ekialdeko bazter batean.
ALBERTO BARANDIARAN