"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Egunotan ikusteko aukera izaten garen film ugarien artean denetarik dago: laguntasun istorioak direla, ahaztu eta baztertuenak, emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituztenak, salaketa filmak, bortizkeriaz, bakardade eta noraezaz hausnartzen dutenak… baina gutxi dira, oso oso gutxi, bikote baten amodiozko istorioa kontatzen dutenak. Eta hona horien artean ederretakoena: Eleanor Rigbyren desagerpena.
Ted Bensonek berez bi film ezberdinetan banatuta aurkeztu bazuen ere, bata senarraren ikuspuntutik hartua eta emaztearenetik bestea, biak nahastearen ondorioz egindako muntaketa berria ekarri du gurera. Eta halaxe estreinatuko dute areto komertzialetan.
Gaur egungo New Yorken kokatua, ezbehar tragiko baten ondorioz desegindako bikote baten maitasun itsu eredugarriak aurrera eta atzera egingo du. Bai baina ez, ez baina bai. Horrelaxe ariko dira Eleanor eta Connor gazteak, haien maitasunarekin hunkitzen gaituzten bitartean.
Baliabide askorekin egindako ekoizpen handia da, eszenaratze zaindu batez erakutsia, ordena kronolojikorik gabe puzzle baten modura bikain muntatua, eta luxuzko aktore talde batek antzeztua. Jessica Chastain arrakastatsuak Eleanor Rigby protagonistarena egiten du, eta James McAvoy, X-Men sagan ezagutu genuen aktoreak haren senar maiteminduarena. Horra bikote guapoa. Zera, eta horien partaidetza nahikoa erakargarria ez bazen, Isabelle Hupert eta William Hurten mailako antzezleak topatuko ditugu alboan. Guztiak txukun, guztiak bikain, guztiak jateko modukoak.
A.M.