"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nola laburbildu zure ametsa Europako ekialdeko herrialde komunista batean jaiotakoa bazara eta bat-batean munduko aberastasun eta gutizi guztiak zure eskura prezio onean eta etxetik gertu agintzen dizkizutenean? Nola laburbildu une horretan bertan zein den zure iparra?
Prahako zine eskolako bi ikaslek esperimentu bat egin nahi izan zuten 2003an, ametsaren kontzeptuarekin. Txekia osoa zipriztintzen ari zen hipermerkatuen sukarrak asaldatuta —denda handiak nonahi, kontsumo ohiturak ere aldatuta—, frogatu nahi izan zuten noraino irits daitekeen modek eta kontsumoko gizarteak agintzen duten morrontza, eta publizitate agentzia handiek nahiko luketen efikaziarekin, produktu bat sortu zuten, txekiar guztiek amestuko zuten hipermerkatua: Amets Txekiarra.
Ez da broma, eta ez da gutxiestekoa. Dokumentala prestatzeko egin zituzten elkarrizketetan, kide batek onartu zien ezin zuela lorik bildu hipermerkatura joan behar zuen egunaren bezperan, eta gazte bati galdetu ziotenean zer zen berarentzat hipermerkatu batera joatea, erantzun zuen: mendira joatea bezala, egunsentian.
Lortu zuten beraz jakinmina piztea, eta lortu zuten engainua perfektua izatea. Eta jendetza biltzea lortu zutenean denda sare fiktizioaren lehena nolakoa izango zen erakusteko eta jendea amarruaz ohartu zenean, halako naturaltasunez onartu zuen dena. Amets zapuztu gehiegi balitu bezala, bizkarrean pisu. Alberto Barandiaran