"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Matteo zeharo galduta dago. Hamasei urte besterik ez dauzka eta atsegin ez duen familia batean hezi eta bizi da. Aita zakar eta batere maitakorra ez denak ez dio laguntzen. Amak ere ez daki nola lagundu, ez daki nola hurbildu bere seme nerabearengana. Izan ere, bere ume txikiaren zaintzaz besterik ez da arduratzen. Matteok homosexuala dela dioen arren, emakume bat eramango du etxera eta bere ohean sartuko du. Gurasoak nahasteko, agian. Edo probokatzeko. Auskalo zeintzuk diren mutilaren asmoak. Drogazalea izateaz gain droga saltzen aritzen da, eta tira, etxean ez daude pozik. Horregatik, Alpeetako mendi puntako etxadi zahar batera bidaliko dute, bertan “sendatuko” dutelakoan.
Hasieran Matteo zakur baten modura tratatuko dute –irudi bortitzagorik aurkitzea ez da erraza, ene!- baina pixkanaka, bera zaindu eta zuzentzez arduratzen diren hiru gazte zakar, baztertu eta ia beldurgarriek onartu egingo dute, eta elkarrekin izugarrizkoak egingo dituzte.
Matteok zentzua aurkitu dio bere bizitza galduari. Orain lagunokin bizitzea nahiagoko du etxera itzuli baino. Ez du etxekoen berotasuna behar. Orain, lagun berriekin aske ibili, aurreiritzirik gabe jokatu, bortizkeria muturreraino eraman eta amorrua kolpeka askatu ahalko du. Nahi duena egingo du.
Egungo suitzar gaztediaz mintzo den drama ilun eta ausart samar honek sendi desegituratuak eta horien lotura ezak belaunaldi berriengan duen eraginaz hausnartzen du. Bideo-jokoak eredutzat dituzten gazteok arerioak bilatzen baitituzte laguntasunaren gainetik, gurasoen maitasunaren gainetik.
A.M.