"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zer egiten dugu inork ikusten ez gaituela ziur gauden toki batean?
Ulrich Seidl (Paradise trilogia sarituaren egilea) austriarraren dokumental bitxi honetan ezin pertsonaia bereziagoak topatuko ditugu. Itxuran jende arrunta da, kaleko jendea, baina sotora jeitsiz gero, ene, horiek dira bitxikeriak! Seidlek, hain zuzen, haien “beste” aldea erakutsi nahi izan du. Hartarako, euren izkutuko munduan, aske sentiarazten dituen azpi-mundu horretan egiten dutenaz beldurrik gabe hitz egin diezaguten eskatuko die pertsonaia anonimo horiei. Horiek berriz, lotsarik gabe erakutsiko dizkigute euren habi kuttunetan daudenean egiten dituztenak. Habi horiek euren etxeko sotoak dira.
Emakume heldu batek kutxa ezberdinetan gordeta dauzkan ume jaio-berri itxurako panpinak besotan hartu eta umeak izango balira bezala tratatzen ditu; jolas sadomasokistak askatasun osoz egiten dituzten bikoteak; Hitlerren miresle sutsua den gizon batek musika bandako kideak biltzen ditu sotoan, askatasun osoz edan eta txiste zatarrak kontatzeko; ehiztari batek bere trofeo guztiak harro erakusten dizkigu. Emakume zorrotz eta dominante batek bere senar morroiari egiten dizkion basakeria eta perbertsioak harrotasun osoz erakusten dizkigu. Ludopatak, noraezean dauden gaztetxoak, pistolaz tiroak botatzen aritzen den opera kantaria…
Hori guztia giro itogarri batean kokatua eta argazki finkoak bailitzan bezala, kamera estatikoz erakutsiak.
A.M.