"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mexiko Hirian jaio zen, 1962an. Mexikoko Zinema Gaikuntzarako Zentroan graduatu zen eta bere jarduera profesionala beti egon da zatituta pantailarako idazketaren eta zinema-kulturaren sustapenaren artean.
Zinema Eskolen Nazioarteko Zinema Jaialdiaren eta “Escenarios de Fin de Siglo” Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Topaketen sortzaileetako bat da. Zinema sustatzeko lan handia egin du, batik bat zinema-jaialdietan eta -erakustaldietan; horien artean, azpimarratzekoak dira Vid@rte Bideo eta Arte Elektronikoen Nazioarteko Zinema Jaialdia eta Frantziako eta Mexikoko Zinemari buruzko Acapulcoko Jaialdia.
Horretaz gain, Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiko Patronatuko kide aktiboa da; Emakumeak Zineman eta Telebistan nazioarteko elkartearen (WIFT) Mexikoko ataleko presidente izan zen, eta Haurrentzako (baita handiagoentzako ere) Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaritza batzordeko kide.
Gidoigintzari dagokionez, zinemarako bi film egin ditu: En medio de la nada (Hugo Rodríguez, 1992), film luze onenaren Fecimex Sari Nagusia, eta De la calle (Gerardo Tort, 2001); azken horrek Zabaltegi-Zuzendari Berriak saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian, eta beste hamaika sari Mexikon eta mundu osoan. Era berean, honako film hauen gidoien egilekide izan da: La última noche (Alejandro Gamboa, 2005), La guerrilla y la esperanza: Lucio Cabañas (G. Tort, 2005), Viaje redondo (G. Tort, 2009), film onena Guadalajarako nazioarteko zinema-jaialdian, eta ¿Alguien ha visto a Lupita? (Gonzalo Justiniano, 2012).
Bestalde, film labur ugari idatzi ditu, eta gidoigintzako irakasle eta zinemagintzako hainbat ekoizpenen aholkulari izan da. Arte Sortzaileen Sistema Nazionaleko kide izan zen.
Duela gutxira arte, Mexikoko Zinemagintza Institutuko (IMCINE) zuzendari nagusi izan da. Erakunde horrek kudeatzen ditu Mexikon zinemagintzarekin loturiko politika publikoak.