"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Carmen Cobos Espainia hegoaldean jaio zen. 1991n freelance ikertzaile eta lokalizazio-buru gisa hasi zen lanean Hezkuntza Sailarentzat eta BBC katearen Historia Naturaleko Unitatearentzat. 1997an Herbehereetara joan zen bizitzera, eta han Cobos Films BV bere ekoizpen etxea sortu zuen; harekin nazioartean ospea izan duten filmak eta telebistarako dokumentalak ekoitzi ditu. Cobosen ekoizpenak Herbehereetako kate publiko nagusietan eman dituzte, baita beste hauetan ere: ZDF-ARTE, YLE, RTBF, TVO, SBS, BBC, VRT, ORF, SVT, Lichtpunt, Al Jazeera, Sundance Channel, eta Israel, Suitza, Portugal, Txina, Japonia, Irlanda, Polonia eta Estoniako telebista-kateetan. Horretaz gain, bere filmak zinema-aretoetan eta DVDan estreinatu dituzte, Herbehereetan, zein Erresuma Batuan, Alemanian, AEBetan, Suitzan eta Polonian.
Carmen Cobos Europako Dokumentalgileen Sareak (EDN) antolatzen dituen tailerretako ohiko irakaslea da duela hamabi urte baino gehiago, baita Europako eta Latinoamerikako beste erakunde batzuetakoa ere. Horrez gain, Europako hainbat funtsetako aditu ere bada (MEDIA, Jan Vrijman Fund), eta zenbait zinema-jaialditako epaimahaietako kide izan da: Valladolideko Seminci (2010), IDFA (Joris Ivens Award, 2005), Sevillako zinema-jaialdia (2009), Punto de Vista (Nafarroa, 2008), Infinity Festival (2005) eta Docs Lisboa (2004). Bestalde, Europako Zinema Akademiako eta EDNko kide da. 2009an Producer on the Move aukeratu zuten Canneseko zinema-jaialdian. Carmenek esperientzia handia du zinemako eta telebistako koprodukzioen, finantzazioaren eta ekoizpenaren arloetako nazioarteko prestakuntzan.
Sariak jaso dituzten bere lanen artean daude: John Appel zuzendariaren The Player eta The Last Victory; Marco Wilms-en Comrade Couture; Heddy Honigmann zuzendariaren El olvido eta Forever, eta beste hainbat. Berak ekoitzitako film guztiak, batez beste, mundu osoko 100 zinema-jaialditan baino gehiagotan proiektatu dituzte.
Bere azken ekoizpenak, John Appel zuzendariaren Wrong Time Wrong Place, 2012ko IDFAren 25. edizioa ireki zuen, eta Herbeheretako 25 zinema-aretotan eman zuten aldi berean. Gaur egun, Royal Concertgebouw Orchestraren 125. urteurrena dela-eta egin duten munduko birari buruzko film luze dokumentala ari da garatzen, eta aurrekoa bezain ospetsua den Amsterdameko Concertgebouw aretoari buruzko film bat ekoitziko du eta haren zuzendaritza lanetan parte hartuko du.