"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Paul Julian Smith Espainiako eta Latinoamerikako zinema eta telebista espezialista da, eta Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin zuen doktoretza. Gaur egun, New Yorkeko City Universityko Graduate Centerreko katedraduna da.
Hamasei liburu idatzi ditu Latinoamerikako eta Espainiako kulturari buruz; horien artean, Amores perros, Las leyes del deseo (gaztelaniara itzuliak), Desire Unlimited: The Cinema of Pedro Almodóvar (zuzendariari buruz ingelesez idatzitako lehenengo liburua) eta 70 inguru artikulu zientifiko.
Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko ikerketa-taldeetako kide da Madrilen eta Guadalajaran (Mexiko). Moreliako nazioarteko zinema-jaialdiko epaimahaikide izan zen (2009), baita Cinema Tropicalen babespean New Yorken egiten den Latinoamerikako zinemari buruzko topaketan ere (2011). British Academyko kide numerarioa da.
Kazetari lanei dagokienez, Kaliforniako Unibertsitateak argitaratzen duen Film Quarterly aldizkariko zutabegilea da, eta Britainia Handiko Zinema Institutuaren Sight & Sound hileroko aldizkariaren ohiko lankide. Horretaz gain, The Guardian egunkariarekin ere aritu da lanean.
Zinemari eta telebistari buruzko eskolak eman ditu Britainia Handiko, AEBetako eta Espainiako unibertsitateetan, eta ehun konferentzia eta hitzaldi baino gehiago eman ditu mundu osoan gai horri buruz.