"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bruno Bettati Salvo Filosofiako batxiler tituluduna da. Egoitza Valdivian (Txile) duen Jirafa Films ekoizpen-etxeko bazkide eta kudeatzaile gisa honako film luze hauek ekoitzi ditu: El asesino entre nosotros (2006); Ciudad de papel (2007); El cielo, la tierra y la lluvia (2008); Ilusiones ópticas (2009), Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen atalerako aukeratua, eta, geroago, Horizontes Latinos sailean izandakoa; Huacho (2009), hau ere Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean izandakoa; Manuel de Ribera (2010): Bonsái (2011), Zinema Eraikitzen eta Horizontes Latinos ataletan, eta, gainera, Canneseko Un Certain Regard sailean izandakoa; Miguel San Miguel (2012); Il futuro (2013), eta Toulousen Zinema Eraikitzen 23 saria irabazi duen El verano de los peces voladores (2013). Horretaz gain, Sexo con amor (2004) eta Gatos viejos (2010) filmen ekoizle elkartua ere izan da.
ACE-Producers Europako ekoizleen sareko IPA1 kidea da 2009tik, eta EURODOC dokumental-ekoizleen sarekoa 2011tik.
Valdiviako Nazioarteko Zinema Jaialdiko (FICValdivia) zuzendari da 2010etik.
Aurretik beste kargu batzuk izan ditu: Txileko Zinema eta Telebista Ekoizleen Elkarteko (APCT a.g.) presidente ohia (2009-2012), Valdiviako Zinema Sustapeneko Kultur Zentroko presidente ohia (2003-2006) –azken erakunde hori da Valdiviako Nazioarteko Zinema Jaialdia ekoizten duena 2007tik–, eta Valdivia Film S.A. hegoaldeko ikus-entzunezkoen poloa ezartzen laguntzen duen elkarte-proiektuko presidente ohia (2001-2006).
2002 eta 2009 artean ikus-entzunezkoen arloko ekoizleak prestatzeko eskolak eman zituen Txileko hamahiru eskualdetan. Erakusketari gonbidatu izan da EAVE (Europa) sarean eta TyPA (Argentina) tailerrean.
Teknikari aritu zen honako film luze hauetan: Gringuito (1997), Last Call (1998), Coronación (1999), Negocio redondo (2000), 199 recetas para ser Feliz (2006), Muñeca (2007) eta El brindis (2007).