Isabel Ayguavives
Gazte bat bere sorterrira, Txilera, itzuliko da kanpoan denbora luzea eman ondoren. Txikitan familiak zuen landa-etxea salgai dago, eta tokiari agur esateko bilduko dira guztiak. «Zuhaitz magnetikoa», ezaugarri arraroko herriko bitxikeria bat, bisitatuko du, eta ia ahaztuta zituen sentsazioak eta maitasunak sentituko ditu.
Yu Liu
Oso diru gutxirekin eta gizarte-laguntzen bizkar bizirautera kondenatutako Beijing hegoaldeko familia baten egiazko istorioa da hau.
Tudor Cristian Jurgiu
Zerk aldarazten du bizitza bakarti bat? Emaztea uholde batean hil ondoren alargundutako agure bat eta Japoniara bizitzera joandako semea elkartu egin dira, hogei urte elkar ikusi gabe egon ostean. Asko espero dute topaketa labur horretaz, eta biak saiatuko dira elkarren artean ireki den distantzia gainditzen.
Yossi Aviram
Hainbat istripuren eta kasualitateren ondorioz, Hanochek eta Rubenek topo egingo dute, eta bakoitzak bere bizitzako historiaren pasarte bati egin beharko dio aurre, biek ala biek atzean utzi nahi duten pasarte bati.
Aarón Fernández
Mexiko-Frantzia-Espainia
100 min.
Aarón Fernándezen bigarren filma koprodukzio hispano-mexikar-frantsesa da, eta Donostia Zinemaldiko 60. edizioko Zinema Eraikitzen Sailean parte hartu zuen. Veracruzko kostaldean, Sebastiánek, 17 urteko gazteak, osabaren motela kudeatu beharko du laguntzarik gabe. Logelak alokatuko ditu orduka. Hala, Miranda ezagutuko du eta sedukzio-joko laburra hasiko dute. Miranda inoiz iristen ez den maitalea itxarotera joan ohi da motelera.
Benedikt Erlingsson
Islandia-Alemania
85 min.
Gizakiak zaldiarengan eta zaldiak gizakiarengan uzten duen arrastoari buruzko kontakizuna. Maitasuna eta heriotza eskutik joango dira, eta ondorio bitxiak ekarriko dituzte. Paisaia honetan bizi diren pertsonen patua, zaldiaren ikuspegitik.
Adam Sanderson
Hagar Erlich herri txiki batean bizi da, baina atzerritar sentitzen da bertan; ez du bere lekua topatzen herritarren artean, ezta bere ezkonberri bizitzan ere. Bertan behera utzitako herrixka baten hondakinetan aurkituko du bere babesleku sekretua.
Ignas Jonynas
LITUANIA-LETONIA
109 min.
Vincentas paramedikua da, eta izugarri gustatzen zaio jokoa. Orain, muturreko erabakiak hartu beharko ditu zor duen diru guztia itzultzeko. Egoera horretan, egunero egiten duen lanarekin loturiko legez kanpoko joko bat sortzeko ideia bururatuko zaio. Maitasuna, bizitza eta heriotza jokoan dira.
Michalis Konstantatos
Jimmyk, Maryk eta Makisek oso modu desberdinean bizi dute eguneroko bizitza. Ez dirudi elkarren artean inolako antzekotasunik dutenik, eta egoera arrunt batean, ez ziratekeen inoiz ezagutuko...
Andrew Dosunmu
Adenike eta Ayodele nigeriarrak dira, eta Brooklynen bizi dira. Ezkondu ostean arazoak izango dituzte, ezin baitute seme-alabarik eduki. Adenikek erabaki bat hartu behar du, baina ez daki horrekin bere familia salbatu ala suntsitu egingo duen.
Mariana Chenillo
Mariana Chenillo zuzendari saridunaren bigarren filma komedia samurra da, eta egiazko edertasuna barrutik datorrela eta paradisua uste duguna baino gertuago dagoela erakutsiko digu. Carmenek eta Alfredok bizitza lasai eta zoriontsua daramate, familiaz eta lagunez inguratuta, bizitegi-auzo batean. Alfredo lanpostuz igoko dute eta Mexiko Hirira joan beharko du bizitzera. Hiri horretan, segituan sentituko du gehiegizko pisua izatearen presioa, itxura oneko jendez inguratuta baitago. Carmenek pisua galdu nahi du, eta senarra konbentzituko du esfortzua elkarrekin egin dezaten, baina bien arteko harremana kolokan jarriko da Alfredok emazteak baino emaitza hobeak lortzen dituenean.
Neto Villalobos
Chalo segurtasun-langileari buruzko komedia beltza da hau. Chalo bakartiak borrokarako lehen oilarra erosi eta laguntasunaren zapore gazi-gozoa ezagutuko du.
Delphine Lehericey
Belgika-Suitza-Frantzia-Luxenburgo
85 min.
Diane 14 urteko nerabe enigmatikoa da. Beti dago lanpetuta anaia txikia Marc zaintzen, eta harreman oso estua du aita Christianekin. Auzora karismaz beteriko Julia gazte ingelesa etortzean, Dianen bizitza erabat aldatuko da.
Fran Araújo, Ernesto de Nova
Espainia-Portugal
86 min.
Hassan etorkin marokoarraren odisea. Espainian hamahiru urte eman ondoren, ez du lanik aurkitzen eta etxera bueltatzea erabakiko du. Marokon lan egiteko, aurreztutako diru guztiarekin bigarren eskuko traktore bat erosiko du, eta haraino traktorez joango da. Espainiara iritsi zenean ez zuen ezer, baina orain ondasun bakarrarekin itzuliko da: el Rayo.
Jim Taihuttu
Majid Holandako auzo pobre batean bizi den talentu handiko boxeolaria da. Denbora-tarte batez espetxean egon ostean, gimnasio baten jabe den Benek babespean hartuko du. Kriminal-banda bateko buruzagiak, Hakanek, haren trebetasunekiko interesa erakusten duenean, Majidek ez du jakingo benetan zer nahi duen.
Mahmut Fazıl Coskun
Anatoliako Yozgat hiri txikian bizi den Sabri bizarginak krisi emozionala jasango du bertako music-hall txiki batean abestera etorri diren Yozgat eta Neşe ezagutzean. Baina Neşek eta Yavuzek ere jasango dute ondoriorik, eta haien nahietako bat bera ere ez da beteko uste bezala
Volodymyr Tykhyy
Hiri handi bateko auzo pobre batean zazpi urteko haur bat desagertu da. Hainbat hilabetez haren bila ibili ostean, haurraren arreba zaharrenak bere kontura bilatzea erabakiko du. Anaiaren bahitzailea nor izan den badakiela sinetsita dago. Baina, justifika al dezake horrek mendeku latz bat?