"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hassanek Marokora itzuli nahi du. Espainian ez du ezer, lan ziztrin bat baino ez, nekazaritzan morroi dabil, eta orain egoera gaizki dago, ez du etorkizunik ikusten, arazoak ditu Marokoko familiari bidaltzen zizkion diruak bidaltzen jarraitzeko, eta etxera itzuli nahi du. Eta traktorea eraman nahi du berarekin.
Baina nola eramango duzu traktorea, Hassan? Traktore zaharra duzu hau, bidean erori egingo zaizu zatika, ez zara inoiz iritsiko, baina nola joango zara tramankulu zahar horrekin, Hassan, erotuta zaude ala?
Hassan burugogorra da ordea. Eta erotuta, besteak daudela, Frantziatik eta Belgikatik eta Herbehereetatik penintsula osoa zeharkatzen duten horiek, autoak goraino zamatuta, arroparekin eta opariekin eta traste guztiekin. Bera ez dagoela erotuta, iritsi egingo dela, lasai egoteko. Ez dela erokeria traktore batekin itzuli nahi izatea. Han, bere herrian, lan egin ahal izango duela, hemen baino hobeto gainera. Eta etxean egongo dela gainera, bere familiarekin.
Eta Hassanek Massey- Ferguson zaharra hartu eta pintatzen hasi da. Eta gero, El rayo izena jarri dio, zuriz. Tximista.
Eta atera egin da azkenean. Espainia erdialdeko Cozarretik Andaluzia osoan zehar, bera eta El Rayo. Erotuta dagoela esaten diote. Ez dela iritsiko.
Hamaika arazo gainditu ondoren (hala Guardia Zibilaren oztopoak nola traktorearen matxurak, edo arazoak burokraziarekin), Hassan bere herrira iritsiko da azkenean. Bidaia Hassanen borondate irmoari saria da, baita Espainiako giza paisaiaren erretratu amablea ere.
A.B.