"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2004. urtean Donostia Saria jaso zuen Annette Bening aktorea Zinemaldira itzuli da Perlak sailean bere azken filmeetako bat aurkeztera, The Face of Love, Arin Posin zuzendariarena. Mahukarik gabeko soineko beltzez jantzita, dotore oso azaldu zen Bening Victoria Eugenia antzokiko agertokian: “Zoragarria da Donostiara itzuli izana. Film hau egitea benetako maitasun istorio bat bizitzea bezala izan da. Atsegin izango duzuela espero dut”, labur eta irribarretsu mintzatu zen aktore estatubatuarra.
Bere bizitzako amodioa galdu eta bost urtera lehen begiratuan oso antzeko gizon batekin berriz maitemintzen den emakumearen istorioa “gezurra badirudi ere, nire amari gertatu zitzaion; eta horretxek bultzatu ninduen gidoia idaztera eta ondoren filma burutzera” adierazi zuen Posinek.
Azken batean, “behin bizi izandako eta ustez galduak ziren emozioak berriz ere sentitzean datza istorio honen mamia”. Annette Bening eta Ed Harris aktore dituen edozein pelikularen alde apustu egingo zukeen zuzendariak azpimarratu zuenez: “Ohorea da niretzat bere kale eta aretoetan Hitchcock edo Almodóvar bezalako egile handiei harrera egin dien hirira nire pelikularekin etortzea”.
S.B.