Donostia Zinemaldiaren 61. edizioak egungo aktore ezagunenetako bati emango dio Donostia Saria, Hugh Jackmani, hain zuzen. Aktoreak protagonista gisa egin duen azken filmaren (Prisoners) emanaldiaren aurretik jasoko du saria, irailaren 27an hain zuzen ere.
Hugh Jackman Oscar sarirako izendatu dute, eta Urrezko Globo bat eta Tony bat irabazi ditu. Adin guztietako ikusleengana iristea lortu du bere ibilbide anitzari esker, eta lan sonatuak egin ditu bai pantaila handian, bai agertokietan, milaka pertsonaren aurrean. 70eko hamarkadako abeslari eta konpositore Peter Allenen rolean Broadwayn eginiko bira saridunean, zein altzairuzko atzaparrekin, X-Men sagako Wolverine ezagunaren rolean, Jackmanek argi eta garbi erakutsi du gure garaiko aktore gutxik dutela hain pertsonaia desberdinetara egokitzeko berak duen gaitasuna.
Australian jaiotako aktoreak AEBetan eginiko lehenengo rol garrantzitsua Wolverinerena izan zen, X-Men saileko lehenengo kapituluan. Beste bitan egin du pertsonaia bera, X2 eta X-Men: The Last Stand arrakastatsuetan. Ondoren, rol bera errepikatu zuen bere pertsonaiaren izena daraman filmean, X-Men Origins: Wolverine, zinema-aretoetan estreinatu zen lehenengo asteburuan 85 milioi dolar biltzea lortu zuen sailaren prekuelan. Uda honetan, bere jarraitzaileek berriz ikusi ahal izan dute bere rolik ezagunenean, The Wolverine izeneko hurrengo kapituluan. Azken hori zinema-aretoetan gehien ikusi zen filma izan zen eman zuten lehen asteburuan, eta, gaur arte, 300 milioi dolar bildu ditu mundu osoan. 2014an Jackman eta X-Men sagako taldea berriz bilduko dira gaur egun ekoizpen-fasean den X-Men: Days of Future Past filmatzeko.
Aurreko udazkenean, Les Misérables lanaren egokitzapenean parte hartu zuen Jackmanek, Tom Hooper-en zuzendaritzapean, Anne Hathaway eta Russell Crowe aktoreekin batera. Filma antzezlan ezagunean dago oinarrituta, eta hura, aldi berean, Victor Hugok idatziriko izen bereko eleberrian. Jean Valjean protagonistaren rolean egin zuen interpretazio bikainari esker komediako edo musikaleko aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen Jackmanek, eta Aktoreen Sindikatuko (SAG) bi saritarako izendatu zuten, aktore-zerrenda onenarena eta protagonista onenarena. Les Misérableseneginiko lanagatik, gainera, aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
2009ko otsailean Hollywoodeko Akademiaren Oscar Sarien 81. edizioa aurkeztu zuen, eta Emmy sarietarako izendapena lortu zuen horri esker. Hollywoodeko Kodak Theater antzokitik eginiko zuzeneko emanaldian Jackmanek liluratu egin zuen publikoa, eta ospakizuna ABC katearen bitartez ikusten ari zirenen kopurua aurreko urtearekiko % 13 igotzen lagundu zuen. Dena dela, hori ez zen Jackmanen lehen esperientzia horrelako ekitaldi baten aurkezpenean. Aurretik, hiru urtez jarraian aurkeztu zuen Tony Sarien gala, 2003 eta 2005 artean; Emmy bat irabazi zuen 2004an 58. edizioan eginiko lanagatik, eta Emmyetarako izendapen bat 2005ean eginiko agerraldiagatik.
Beste lan garrantzitsu batzuk ere egin ditu, honako film hauetan: Real Steel, Shawn Levy zuzendariarena; Australia, Baz Luhrmannena; The Prestige, Christopher Nolanena; The Fountain, Darren Aronofskyrena, eta Scoop, Woody Allenena. Bestalde, bere ahotsa jarri die Happy Feet eta Flushed Away animazio-filmetako pertsonaiei. Hona hemen protagonista gisa egin dituen beste lan batzuk: Deception, Someone Like You, Swordfish, Van Helsing, eta Kate and Leopold; azken horregatik Urrezko Globoetarako izendapena jaso zuen 2002an. Eta bere ahots-talentua jarri dio, gainera, Rise of the Guardians animaziozko familia-abenturari.
2011ko udazkenean zur eta lur utzi zuen Jackmanek Broadwayko publikoa Hugh Jackman-Back on Broadway bakarlanarekin. Hemezortzi musikariren laguntzaz, San Franciscon zein Toronton izan zen denbora laburrean kritikarien txaloak jaso zituen barietate-ikuskizunak Broadwayko abesti klasikoak eta aktorearen konposizio gogokoenak biltzen zituen. Jackmanek Broadwayko agertokiei eskaini dien etengabeko dedikazioak bere ordaina izan zuen 2012ko Tony Sarietan, Administrazio Batzordeak sari berezi bat eman baitzion, bere interpretazio-lanagatik eta lan humanitarioagatik.
2009ko udazkenean, Broadwayko ikusleek Keith Huff zuzendariaren A Steady Rain antzezlanean ikusi ahal izan zuten. Agertokietan Daniel Craig izan zuen kide, eta elkarrekin aspalditik lagunak diren Chicagoko bi poliziaren historia kontatu ziguten. Bi lagunen bizitzak betiko aldatuko dira gertakari traumatiko batzuen inguruan dituzten bertsio desberdinak direla-eta. The Boy From Oz lanean eginiko 70eko hamarkadako abeslari eta konpositore Peter Allenen interpretazioagatik musikal bateko aktore onenaren Tony saria irabazi zuen 2004an, baita Drama Desk, Drama League, Outer Critics Circle eta Theatre World sariak ere.
Hona hemen antzerkian egin dituen beste lan batzuk: Carousel, Carnegie Hall aretoan; Oklahoma, Londreseko Antzerki Nazionalean -honi esker Olivier sarirako izendatu zuten-; Sunset Boulevard -Tony sarien baliokide den Australiako MO Award irabazi zuen honekin-, eta Beauty and the Beast -MO Awards sarietarako izendapena-.
Jackmanen karrera Australian hasi zen, Paperback Hero eta Erskineville Kings film independenteetan. Azken horretan eginiko lanari esker Australiako Zinema Kritikarien Zirkuluko aktore onenaren saria irabazi zuen, eta Australiako Zinema Institutuaren aktore onenaren sarirako izendapena. 1999an Urteko Australiako Izar izendatu zuten Australian Movie Convention delakoan.
PRISONERS
Noraino iritsiko zinateke zure familia babesteko? Keller Dover-ek (Hugh Jackman) aita baten amesgaiztorik okerrenari egin beharko dio aurre. Alaba txikia, Anna, eta bere laguna, Joy, desagertu egin dira, eta orduek aurrera egin ahala, izua nagusituko da. Duten arrasto bakarra beren kalean aparkatuta izan zen autokarabana zahar bat da. Ikerketaren buru Loki detektibeak (Jake Gyllenhaal) gidaria, Alex Jake (Paul Dano), atxilotuko du, baina askatu egin beharko du ez duelako frogarik.
Polizia hainbat arrastoren atzetik dabil, eta presioa gero eta handiagoa da. Doverrek badaki alabaren bizitza jokoan dela, eta egoera bere kargu hartzea erabakiko du. Baina, noraino iritsiko da kosta ahala kosta familia salbatu nahi duen aita hau?
Prisoners thriller dramatikoak Oscar sarietarako izendaturiko Hugh Jackman (Les Misérables) eta Jake Gyllenhaal (Brokeback Mountain) ditu protagonista, eta gainerako aktoreak ere izar bikainak dira: Oscar sarietarako izendaturiko Viola Davis (The Help, Doubt), Urrezko Globoetarako izendaturiko Maria Bello (A History of Violence, The Cooler), Oscarrerako izendaturiko Terrence Help (Hustle & Flow), Akademiaren sariaren irabazle Melissa Leo (The Fighter) eta Paul Dano.
Denis Villeneuve, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendaturiko Incendies filmaren zuzendaria, da Aaron Guzikowskiren gidoia duen film honen errealizadorea. Lanaren ekoizleak Oscar sarietarako izendaturiko Broderick Johnson (The Blind Slide), Kira Davis, Oscar sarietarako izendaturiko Andrew A. Kosove (The Blind Slide) eta Adam Kolbrenner izan dira, eta ekoizle exekutiboak, berriz, Edward L. McDonnell, John H. Starke, Robyn Meisinger, Mark Wahlberg eta Stephen Levinson.
Villeneuvek sormen-talde izugarriaren laguntza izan du; besteak beste, Oscar sarietarako hamar izendapen jaso dituen Roger A. Deakins (Skyfall), Oscar sarietarako izendaturiko ekoizpen zuzendari Patrice Vermette (The Young Victoria), Oscar baten irabazle Joel Cox editorea (Unforgiven), Gary Roach editorea eta Renée April jantzi-diseinatzailea. Musikaz Jóhann Jóhannsson arduratu da.
Alcon Entertainment etxeak Prisoners aurkezten du, 8:38 Productions/Madhouse Entertainment-en ekoizpen bat. Filma Warner Bros. Pictures (Warner Bros. Entertainment Company) etxeak banatuko du AEBetan eta nazioarteko herrialde sorta batean. www.prisonersmovie.com