"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ariane Felder etorkizun oparoko magistratua da. Emakume langilea, arduratsua, zorrotza eta errespetatua bere profesioko kideen artean. Lanerako bizi da Felder andrea, lana besterik ez da ikusten bere bizitzaren zerumugan: lana, lana eta lana. Pentsa, familia “gurasoek prestatutako eta seme-alabek jokatutako” tragedia dela uste du.
Gau batez, justizia jauregian, denak aztoratuta dabiltza urteko ekitaldiaren amaiera dela eta. Felder andrea lanean ari da bere bulegoan beti bezala, baina lankideak tropelka sartzen direnean, ezin izan dio ezetzik esan xanpain kopa bati, eta gero beste bati, eta gero beste bati.
Handik aste batzuetara, zorabioak eta ahulaldia direla medio sendagilearengana azaltzen denean, sorpresa: haurdun dago. “Ez da posible!”, kexu da epailea. “Bakarrik nago eta!!”. Ekografiak ez du zalantzarako tarterik utzi hala ere: umekia osasuntsu dago, eta handia izango da. Haurdunaldiaren datak begiratuta, bingo: parrandaren egunean gertatu zen gertatu behar ez zena. Okerrena da Felder andrea ez dela ezertaz gogoratzen.
Felderrek lankide batengana zuzenduko ditu susmoak hasieran: epaile kaskarin, hutsal eta ernegagarriarengana, zeinak zorionezko gauaz geroztik inoiz baino adeitsuago dabilen berarekin, baina froga genetikoak berehala erakutsiko du oker, oso oker zegoela. Justizia jauregi inguruko segurtasunezko kameren jarraimenduari esker, epaileak gau hartan gertatutakoa ulertuko du: eta ulertuko duena ez zaio batere gustatuko.
ALBERTO BARANDIARAN