"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Maiteminduta zaude?” galdetu dio Victorrek Isabelleri. “Eta zu?”. “Ez dakit, mutila naiz”.
Uda da, eta Isabelle eta anaia oporretan daude kostaldeko herri batean. Biek adostu dute lehen aldia iristen denean, arreba nagusia norbaitekin oheratzean, kontatu egingo diola anaiari esperientzia nolakoa izan den. Gau batez, Isabelle atzeko atetik atera da gurasoak ez ohartzeko moduan, eta herri berean uda pasatzen ari den aleman zangar batekin egin du larrutan, hondartzan. Esperientzia gogorra da Isabellerentzat. Mina baino ez du sentitu.
“Nolakoa izan da?”, galdetu dio Victorrek. “Ixo”.
Handik hilabete batzuetara gizon heldu eta dotorea bere azpian hiltzen denean emozioak jota, betiko hoteleko betiko logelan, dena amaitzean alegia, poliziak itaunketa egiten dionean eta amak, desesperatuta, galdera bera luza-tzen duenean ozenki eta etsita, “zergatik?”, ez du jakingo zer erantzun, zer dela eta hasi zen prostituzioan. Ez du erantzunik. Gizon bat hurbildu omen zitzaion egun batez institututik atera ondoren, eta telefono bat eman omen zion. Diru asko zen. Horrela hasi zen dena. Horrela, besterik ez.
Diru premiarik? Ez. Emozio beharrik? Beharbada. Kontra egiteko gogoa? Horrelako zerbait. Transgresioa da François Ozonen azken filmaren gai nagusia. Les liaisons dangereuses (Harreman arriskutsuak) irakurtzen du Isabellek metroan, hitzorduetara joaten denean. “Ikaslea zara?” galdetu dio bezero batek, adineko gizon aberatsak. “Krisiagatik egiten duzu? Maiz?”. “Ez, noizean behin baino ez”. Nahi duenean utz dezakeela iradokitzen ari da. Drogazaleen antzera, utz dezakeela. “Puta “Puta egun batez, egunero puta” jaurti dio beste bezero batek, zaplazteko bat bezala.
Filmaren pasarterik interesgarriena hasten da dena deskubritzen denean. Gurasoak Isabelleren arrazoiak antzematen ahalegintzen direnean. Neska aitaorde eta amaren lagunarekin jolasean hasten denean. Inguruko guztiak aztoratzen dituenean. Transgresioa, ulertzen ez duen ingurua kritikatu eta hankaz gora jartzeko nahia nabarmentzen denean.
“Ohekide izan nuen gizon bat gogorarazten didazu” esan dio aitari. “Zuk beldurra ematen didazu” arrapostu dio amak.
ALBERTO BARANDIARAN