"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Ni ez al naiz zure semea? Ni ez, ala?”, oihukatu dio Majik aitari, anaia nagusia zendu berria aurrean dutela, familia txikituta inguru arrotz batean, jaioterritik urrun, oso urrun, Herbehere ilun eta bustietan, nor eta Marokoko familia oso bat, Marokoko etxe urruna gauza guztien gainetik atxiki nahi duen Marokoko familia deserriratu bat.
Aitak Maji semeari gaztigatu dio berak bizitza osoa eman duela lanean gau eta egun, lanera bizikletaz egunero herrialde hotz eta busti honetan, zerikusirik ez Maroko eguzkitsu eta lehorrarekin, baina orain lotsatu besterik ez dela egiten semeaz, lotsatu besterik ez, eta erietxearen gela argitsu eta hotzean kexu ozena egin du Majiren eta gainerako senideen aurrean, etsipen betean, kexuka ea zergatik joan den hain zuzen ere seme nagusia eta ez Maji, Jainkoak zergatik eraman duen eraman behar ez zuen hura. “Ni ez naiz zure semea, ala?” oldartu zaio Maji, jakinik erietxe horren gelaren abaildura bere bizitzaren frakasoaren beraren metafora dela, jakinik aurrerantzean jada ez dela salbaziorik izango. Jakinik esaldi hori bera izango duela betiko galbidea.
Hiri handi baten auzo bazterreko bat da eszenatoki nagusia. Kalean ibiltzen ohituta dagoen morroi marokoarraren egunerokoa lotuta dago gizarte zerbitzuetara aldian behin egin beharreko bisitekin, jarrera ona izan duen frogatzeko; lotuta, baita ere, gaueko parranda eta demasekin, edo noizean behingo lapurretekin; edo diru ziztrina ziurtatzen dion lan aspergarriarekin.
Hortik ateratzeko, boxeo elkarte baten atean jo du Majik, eta denak harrituta utzi ditu bere ahalmen fisikoarekin. Baina borrokarako daukan berezko gaitasunak eta dirua erraz egiteko nabarmentzen zaion ahalmenak inguruko mafia turkiarraren arreta erakarriko du, eta hortik aurrera zurrunbilo bortitz, basati eta etorkizunik gabekoan murgilduko da. Eta jada ez da bere geroaren jabe izango.
ALBERTO BARANDIARAN