"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez da erraza aita izatea. Ez da erraza aita zorrotza izatea, batez ere aitarik izan ez duen gizasemeak aitaren papera hartu nahi izaten duenean. Ez da erraza, eta inork ez du horretarako ikastarorik ematen. Eta aita bikaintasunaren adibidea baldin bada, eta semea bere ispilua izatea nahi badu, eta bere aitak kometak hegaldatzera inoiz eraman ez bazuen, latza izan daiteke.
Ryota etorkizun handiko arkitektoa da, lanerako bizi den japoniar gaztea. Midori andreak etxean lan egiten du senarrarentzat. Sei urteko seme Keirarengan berak daukan kuraia ikusi nahiko luke Ryotak, baina mutikoa beste pasta batekoa da.
Egun batez, bikoteak dei bat jaso du amentzako ospitaletik, eta han esan diete Keira ez dutela benetako semea, odolekoa, nahastu egin baitziren orduan. Keiraren benetako gurasoekin elkartzen direnean, beste familia bat ezagutzen dute, beste bizimodua, beste maitasun mota. Ryotak aitortu du orduan: “orain ulertzen dut dena”.
Aitormenak krisi sakona piztu du bikotearengan, andrea ohartzen baita bere moduko semea zizelkatu nahi zuela Ryotak, etorkizun oparoko seme bikaina heztea zela senarraren helburua, eta, batez ere, ohartzen delako Ryotak nahiago duela beste mutiko bat hartu eta Keira utzi bere odoleko gurasoekin. Txakur bat balitz bezala, ez du arazorik semea eskuz aldatzeko, baldin eta trukean irabazten duela iruditzen bazaio.
Esperientzia benetako irakasgaia izango da bi bikoteentzat baina, batez ere, Ryotarentzat.
A.B.