"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hagar Israel barrualdeko komunitate txiki batean bizi da, ezkondu berritan. Etxea zaintzea eta gauero lanetik nekatuta eta izerditua iristen den senarrari afaria ematea da bere eguneroko afana, ia eginbehar bakarra. Noizean behin, haren azpian jartzen da, eta plazera zer izan daitekeen irudikatzen ahalegintzen da. Hagar ez da inor; ez dago irakaslea izateko ikasi zuen neskatilaren arrastorik; inoren emaztea baino ez da. Hori besterik ez.
Hagarrek ihesbide sekretua dauka, hala ere. Berak bakarrik ezagutzen duen leku isil eta baketsua: herritik kanpo dauden etxe hondakin abandonatuak, behiala norbaiten bizitoki izandako toki mamua. Han bizi du izan nahiko zuenaren ametsa. Han aurkitzen ditu bere bizitza pozten dituen altxorrak.
Egun batez, auzoko emakumeak Hagarri erregutu dio hamar urteko semea zaintzeko, ume jaio berria gaixorik dagoela eta ez dela isiltzen, eta mesedez mokaduren bat emateko seme nagusiari, bera itzuliko dela lehenbailehen. Neska gazteak konplize txiki bat aurkitu du mutikoarengan, argi txiki bat etxeko iluntasun monotonoan, eta harreman berriak itxaropena piztuko du gogo erabat itzalian. Harreman berria arriskutsua izan zitekeela jakinik ere, neskak bere toki sekretua erakutsi nahi dio mutikoari. Eta erabaki horrek bere bizitza aldatuko du, errotik aldatuko ere.
Israelgo azken urteotako zinemaren joerari jarraiki, pertsonen bakardadearen arrastoan jarri da Adam Sanderson zuzendari gaztea. Pertsonak baino, komunitatea bera lehenesten duen gizarte bat erretratatu du horrela, gizarte bat non taldearen beharrak norberaren desioak mugatu, aldarazi eta itxuraldatzeko gaitasuna daukan.
ALBERTO.BARANDIARAN