"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mia Hansen-Løve 1981ean jaio zen eta aktore gisa egin zuen lan Olivier Assayas zuzendariaren Fin août, début septembre (1998) eta Les Destinées sentimentales (2000) filmetan. 2001ean Parisko Arte Dramatikoko Udal Kontserbatorioan sartu zen, eta 2003an zinema kritikak idazten hasi zen Cahiers du cinéma aldizkarian, 2005era arte. Denbora-tarte horretan, hainbat film labur errodatu zituen: Après mûre reflexion (2003), Un pur esprit (2004), Offre spéciale (2005) eta Laisse passer l’été (2005).
2007an egin zuen lehenengo film luzea, Tout est pardonné; lana Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartzeko hautatu zuten eta film onenaren Louis Delluc saria irabazi zuen. Bere hurrengo filmak, Le Père de mes enfants (2009), sari berezia irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean, eta hirugarren lanarekin, Un amour de jeunesse (2011), epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian.