Hasieran… John Landis izan zen. 70eko hamarkada amaierako eta 80ko hamarkada hasierako AEBetako komedia-zuzendari entzutetsuenak karrera bikaineko komiko batekin batu zituen indarrak: John Belushi. Emaitza erdigune gisa anaitasun elkarte bat duen unibertsitate garaiko parrandei buruzko filma da, eta neurrigabekeriarako osagai guztiak ditu.
Mutil bakarti bat kanpamentu batera iritsiko da eta (zorionez ala zoritxarrez) begiraleetako batek babespean hartuko du. Bill Murray ezagunaren lehenengo rol protagonista izan zen istripuz eta bikiniz beteriko udako film zoro hau. Ivan Reitman da zuzendaria, eta Murrayek harekin egin zuen lan, besteak beste, Ghostbusters filmean.
Saturday Night Live programan izandako arrakastaren ondoren, Aykroyd eta Belushi Blues Brothers bikoteak zinemarako jauzia egin zuen. Jake Blues kartzelatik ateratzen denean anaia zain izango du. Laster, zoroa bezain zoragarria den misio bati ekingo diote. Landisek ez zuen nahikoa protagonistekin eta beste artista bikain batzuk ere bildu zituen filmean; besteak beste, Aretha Franklin eta James Brown.
Adam Sandler Happy Gilmore lanarekin golfaren munduan sartu baino askoz ere lehenago sartu zen Chevy Chase, kirol-instalazio batzuetan lan egiten duen gazte kikil bati buruzko film honekin. Gazteak jokalari aberats eta andrekoi neurrigabe batekin topo egiten duenean hamaika desastre gertatuko zaizkio.
Institutuari buruzko komediak ez ziratekeen gauza bera izango generoaren iraultza ekarri zuen eta atzetik bi sekuela izan zituen aurrekontu txikiko film hau egin izan ez balitz. Birjintasuna galtzearekin tematuta dagoen gazte-talde bateko kideek ahal duten guztia egingo dute beren desioa betetzeko, edo behintzat, besteak lizunkeriatan nola ibiltzen diren ikusi ahal izateko.
Zer da nerd bat? Ezinbesteko figura bat komediaren historian. Monkey Business filmeko zientzialari baldar eta pasta-betaurrekodunetik Napoleon Dynamite kutunera. Revenge of the Nerds filmak figura horretan topatu zuen bere izateko arrazoia, eta klaseko trauskilenak beren patuaren jabe izatea erabakiko duten istorio bat eraikiko du hortik abiatuta.
AEBetako komediaren izen handietako bat da road movie honen egile: Albert Brooks. Lan honetan bizitza erosoa daraman bikote baten istorioa kontatuko digu. Erosotasunez eta ondasunez gainezka, bizitzari gatz pixka bat jartzeko, AEBetan barrena roulotte batean bidaiatzea erabakiko dute. Brooksek inork baino hobeto egingo du klase burgesaren erretratua, Woody Allenen edo Larry Daviden ukituak dituen pertsonaiarekin.
Hasiberria izatea amesgaiztoa da. Eta are gehiago, dagokizun institutuan iniziazio-errituala egiten badizute. Richard Linklater zuzendariak ukitu pertsonala eman zien ikasleei buruzko komediei umore ilunez eta pertsonaia ugariz osaturiko film honekin. Talentu-harrobi bikaina; nabarmentzekoak dira Ben Affleck eta Milla Jovovich.
Limusina-gidari bat aireportura eraman duen emakume batekin maiteminduko da. Emakumeak maleta bat ahaztu duela konturatzen denean, hura entregatzeko bidaia bati ekingo dio lagun batekin. Hasiera ezin hobea izan zen Farrelly anaientzat fluidoz, muki izoztuz eta Jim Carrey bikainaz beteriko komedia hau.
Hockey ligatik kanporatu dute Gilmore eta amonarentzat dirua lortzeko golfean hastea erabakiko du. Zer gertatzen da izotz-gaineko hockey jokalari bat golf txukunera pasatzen denean? Bolak eta makilak arriskutsu bilakatzen direla. Punch-Drunk Love filmean bezalaxe, Adam Sandlerrek umore fisikoko erakusketa bikaina egingo du, denbora guztian haserrearen amildegian erortzear dagoen pertsonaiarekin.
90eko hamarkadako What is Love abestiaren erritmoari jarraituta, Doug eta Steve Butabi anaiak, aitatxoren eta amatxoren etxean bizitzen jarraitzen duten gaueko gizonak, Roxbury kluberantz abiatu dira, inoiz sartzen uzten ez dieten arren. Will Ferrell zuzendariak bere arrakasta handienetako bat lortu zuen 90eko hamarkada(ko okerrena) emulatzen duen erritmo (eta tanga) ezinezkoz beteriko film honekin.
Anderson-Owen Wilson (hemen gidoilari) tandemak nerabe-komediaren zerua ukitu zuen munta handiko eta lagun gutxiko ikasle bati buruzko film honekin. Ikaslea bera bezain eszentrikoa den gizon batekin harremanetan jarriko da. Rushmore filmak beste tandem emankor bati ere eman zion hasiera: Andersonek eta Bill Murray aktoreak osaturikoa.
Ez da berebiziko ajerik behar Las Vegas ezkondu aurreko festa erdian dagoen lagun-taldearentzat amesgaiztorik okerrena bilakatzeko. Ez da edatekorik faltako, eta azkenean, gizonetako batek striptease dantzari bat hilko du nahi gabe. Barreak eta odola proportzio berean arestian egin den komedia beltzenean.
Nerabeek sexuagatik duten obsesioa gailurrera iritsi zen American Pie filmeko Jim pertsonaiak bere desirak sagar-tarta egin berri batekin ase zituenean. Eszenak graduatu aurretik birjintasuna kosta ahala kosta galtzea erabakiko duten bigarren hezkuntzako ikasle-talde baten zoritxarrak laburtuko dizkigu.
Ajeak eta drogak konbinazio hutsezina dira kaosa sortzeko, argi gutxiko pertsonaiak erretratatzeko eta erronka absurduak jartzeko. Baina ez dago film honetakoa baino konbinazio hoberik: burutik oso sano ez dauden eta gehiegi erre duten bi lagunek ibilbide haluzinatua egingo dute desagerturiko beren autoa aurkitzeko. Zikloko kultuko zinta garrantzitsuenetako bat.
Todd Phipipps zuzendariak ondo menderatuta zituen lagunei eta desastreei buruzko komediak Resacón en Las Vegas (Kriston biharamuna Las Vegasen) egin baino askoz ere lehenago. Joshek eta Tiffanyk denbora luzea daramate elkarrekin. Unibertsitatera iristean, bakoitza hiri batera joango da. Urruneko harremana pikutara joan liteke Josh beste neska batekin ageri den grabaketa Tiffanyren eskuetara iristen bada.
AEB-AUSTRALIA-ALEMANIA
2001
89 min.
Moda munduko izen handiek lehen ministro bat hil nahi dute haurren esplotazioarekin akabatu nahi duelako. Horretarako, Derek Zoolander modeloetan txoriburuena erosiko dute. Gailur-gailurrean dagoen Ben Stiller batek Armani modarentzat denaren baliokide bilakatuko du Zoolander komediarentzat.
Amodioa oso gutxitan iritsi da mugimendu eta argiztapen bikaineko film honetan bezain maila altuetara. Indarkeria barruan daraman gizon bakarti batek jazarpena jasango du linea erotiko faltsu baten jabeen aldetik. Ezagutu berri duen emakume batenganako maitasunak emango dio borrokatzeko behar duen indarra.
Komediaren munduko zorionezko bikote (McKay-Ferrell) zoroenaren eskutik datorkigu retro ukituko film hau. Ferrellek lankide batekin txora-txora eginda dagoen telebista-aurkezlearen rola egingo du. Gag-festa honetan, Ferrellek sexualtasun zakarra eta oroimenerako mizkeria askatuko ditu erabat.
Heroia ala ikasle baztertua? Zer da egiaz Napoleon Dynamite? Idahoko institutu batean ikasten duen betaurrekodun eta ile kizkurdun ikasle honek ez du lagun gehiegirik, baina bai barne-mundu izugarria. Sundancen arrasto handien utzi duen film independenteetako bat. Komikoa bezain samurra.
Bere herrialdean, Kazakhstanen, izugarrizko ospea duen Borat erreportaria AEBetara joango da bertako ohiturak islatuko dituen dokumental bat egitera. Haren eszentrikotasunak eta ezjakintasunak ez du inor bere lekuan utziko. Izen bat, Sacha Baron Cohen, nahikoa izan zen film bakar batekin diplomaziaren oinarriak kolokan jartzeko.
Arestiko komedian ez dago film honetakoa baino hasiera barregarriagorik eta politikoki desegokiagorik. Ergelak lurraren jabe egin dira. Soldadu bat eta prostituta bat bakarrik izango dira gai (?) uraren eta adimenaren tankerako lehengaiak desagertu egin diren mundua salbatzeko. Lotsagabekeria hutsa, Beavis and Butt-Head telesailaren sortzaileak sinatuta.
AEB-ALEMANIA
2007
81 min.
Janek porru asko erretzen ditu baina badirudi kontrolpean duela bere zaletasuna. Behintzat, marihuana pasteltxoz beteriko bandeja osoa jan eta irribarrea aurpegitik kendu gabe hainbat lantxo egiteari ekiten dion egunera arte. Kristen Wiig komediako erregina berria bada, Anna Faris da printzesa.
Nerabezaroaren amaierari buruzko film honetan jakin genuen Greg Mottola (Adventureland) zuzendariaren sentikortasunaren berri. Institutua amaitu da eta lagun-talde bat zatitzear dago. Baina, hori bano lehen, ia ezinezko misio bat bete beharko dute: neska batzuek gonbidatu dituzten festarako edariak lortzea.
Cómo conocí a vuestra madre (Nola ezagutu nuen zuen ama) telesaileko mutil-lagun on-puska, telebistako izar bilakatu den neska-lagunak utzi duen mutila da hemen. Ideia bat bururatu zaio: Hawaiira bidaiatzea, han baitago neska-lagun ohia bere bikote berri eszentrikoarekin. Erromantikoa baino komikoagoa da Jason Segel nabarmentzeko eginiko film hau.
Dale bere gameluaren etxera joan da Pineapple Express izeneko marihuana zoragarria erostera. Baina ezustekoz beteta egongo da bisita: hilketa baten lekuko izango da, marihuana krimenaren lekuan ahaztuko du, eta burutik eginda dagoen gameluarekin ihesari ekin beharko dio. Judd Apatow-en arrastoa ikusteko nahikoa da protagonisten izenei erreparatzea: James Franco eta Seth Rogen, haren aktore fetixak, hain zuzen.
Eta komedia berrienaren aitak esan zuen: "Ez egin barre gehiago”. Funny People filmarekin (Egin barre), Judd Apatowek irribarreak izoztea lortu zuen. Ibilbide luzeko komiko odolbero bati minbizia duela esan berri diote, eta albiste horri egin beharko dio aurre umorista izangai batek bere lagun-min izateko ahal duen guztia egiten duen bitartean.
AEB-ALEMANIA
2009
100 min.
Lau lagun Las Vegasera joango dira haietako baten ezkondu aurreko festa ospatzeko. Hurrengo egunean esnatzean, aurreko gauean gertatutako ezerez oroitzen ez direla konturatuko dira, eta ezkongaia desagertu egin dela. Urrezko arrautzen oiloa izan zen, aurrekontu mugatua izan arren sekulako dirutza bildu baitzuen zinema-aretoetan.
Drew Barrymore
Drew Barrymorek aspaldi utzi zion E.T. filmeko neskatxoa izateari, goitik beherako emakume bilakatzeko. Zuzendari gisa egindako lehenengo lana maitasun nerabeari eta heldutasun behartuari buruzko filma da, zeinetan nesken patinaje-lasterketa basatiei zuzendariaren eta protagonistaren (Ellen Page) sentikortasuna batuko zaien.
Drew Barrymore
Emakumeen iraultza 2011 amaieran iritsi zen, komediak “bai, nahi dut” esan zionean emakumeek eginiko umoreari. Komediako erregina berria, Kristen Wiig, laguntasunari, bakardadeari eta maitasunari buruzko film honekin koroatu zen. Wiigek txiste bat botako du bestearen atzetik, eta bigarren mailako aktoreak ere, John Mad Men Hamm buru dutela, ez dira atzean geratuko.