"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
EITBk eta IBAIA eta EPE/APV euskal produktore elkarteek ikus-entzunezko produkzio independentea sustatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo. Zinemaldiaren baitan sinatutako akordioarekin, EITBk aurten zine proiektuetan 5 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen, fikziozko filmak eta dokumentalak tarteko.
EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok “krisi garaian” hitzarmena erdiestea “oso garrantzitsua” dela esan zuen “sektorea egonkortzen” lagunduko duelako. Azken lau urteetan EITBk euskal zinemagintzan 20 milioi inbertitu dituela gogoratu zuen.
Ildo berean, IBAIAko presidenteak, Joxe Portelak, telebista publikoarekin hitzarmenak sinatzea “beharrezkoa” dela ziurtatu zuen, “diru publikorik gabe, Europan ez litzatekeelako zinemarik egingo”.
Euskal Produktoreen Elkartetik, Carlos Juarez presidenteak esan zuen euskal zinemagintzan inbertitzea “ezinbestekoa” dela talentua kanpora joan ez dedin.