"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Kursaaleko agertokiko oihala altxa eta hasi da 60. Zinemaldiaren zabaltze ekitaldia. José Coronado, Barbara Goenaga eta Cayetana Guillén Cuervo arduratu dira zeremonia gidatzeaz, eta egia esateko, 60 urteko bidaia zirraragarria izan da Zinemaldiaren historiako bizipenetan barrena. Hala, Sail Ofizialean lehiatuko diren filmeak aurkeztu ondoren, epaimahaiko kideak taularatu dira, tartean Ricardo Darín aktorea edo Agustí Villaronga zuzendaria zirela, eta hauen guztien buru Christine Vachon ekoizlea, ‘indie zinemaren dama’ ezizenez ezagunagoa.
Michael Hanekeren Maitasuna filmari dagokion Fipresci saria jaso du Ramon Agirre aktore euskaldunak, eta segidan, aspaldi gabe zendutako Antxon Ezeiza zuzendaria ekarri dute gogora. Jorge Drexler abeslari uruguaitarrak, berriz, urterik urte garrantzi handiagoa duen zinema latinoamerikarrari eskainitako Horizontes saila aurkeztu du.
Ekitaldia ohi baino luzexeagoa izan da agian, Kursaaleko eserlekuetan bildutako jende andanak irrikaz espero baitzuen Richard Gere eta Susan Sarandon gaueko izarren presentzia.
Aktoresa, soineko luze morez jantzia, Iruzurra filmeko bere antzezkidearen eskutik helduta agertu denean txalo zaparrada itzela entzun da aretoan. Gerek hunkituta gogoratu du duela bost urte jasotako Donostia saria eta donostiarren harrera beroa. Sarandonek, bestalde, 60 urte betetzea zer den ongi badakiela esan du, bertaratutakoen algarak eraginez.