"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 60. edizioaren barruan estreinatuko da Savages, Oliver Stone zuzendariaren azken lana. AEBetako zuzendariak sari berezi bat jasoko du Zinemaldiaren 60. Urteurrena den honetan, bere karrera osoaren aintzatespen gisa.
Oliver Stone (New York, 1946) AEBetako zinema modernoaren zuzendari enblematikoenetako bat da, bere lanetan eztabaida handia sortzen duten gai sozialak eta politikoak jorratzen baititu, estilo bisual oso indartsuarekin. Gidoilari gisa hasi zen zinema-munduan, eta lehenengo Oscar saria Alan Parker zuzendariaren Midnight Express (1978) filmaren gidoiagatik jaso zuen. Horretaz gain, beste film ezagun batzuen gidoiak ere bereak dira; esaterako, John Milius zuzendariaren Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) lanenak.
Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana The Hand (1981) fantasiazko thrillerra izan zen, baina, bere estilo berezia eta zuzendari gisa dituen interesak bost urte geroago geratu ziren argi, Salvador (1986) drama politikoarekin. Film horrek Zinemaldiaren barruan egiten diren Belodromoko proiekzioak inauguratu zituen bere garaian. Ondoren, nazioartean ospea ekarri zion Platoon (1986) etorri zen, Vietnamgo gerrari buruzko erretratu latza; horri esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen, baita film onenarena ere. Arrakasta handia izaten jarraitu zuen negozio handien munduari buruz ikuspegi garratza eskaintzen zuen Wall Street (1987) lanarekin, eta berriz ere Vietnamgo traumaz hitz egiten zuen Born on the Fourth of July (Uztailaren 4an jaioa, 1989) filmarekin. Azken honi esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen.
Hurrengo filmetan Stonek Amerika modernoari buruzko erretratu sakon eta hunkigarria eskaini du, eta besteak beste, honako gai hauek landu ditu: Kennedyren hilketa, JFK (1991); Richard Nixonen agintaldia, Nixon (1995); AEBetako gizartearen indarkeria, Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994); kirolaren munduko ustelkeria, Any Given Sunday (Edozein igandetan, 1999) eta irailaren 11ko atentatuak, World Trade Center (2006).
Stone lau aldiz izan da Donostia Zinemaldian, Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center Belodromoan aurkeztu zituenean, eta Looking for Fidel (2004) dokumentalarekin, Zabaltegi-Bereziak sailean.