Travolta bi aldiz izendatu dute Oscar sarietarako. Horietako bat Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp Fiction (1994) filmeko soldatapeko hiltzaile eta filosofoaren antzezpen bikainagatik; rol horregatik BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendatu zuten, eta aktore onenaren Los Angeleseko Kritika Elkartearen saria irabazi zuen.
Berriz ere txalotu zuten zinema-ekoizle bilakaturiko mafiosoaren rolagatik, Get Shorty (1996) filmean, eta hari esker film luze bateko (komedia ala musikala) aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen. 1998an Bikaintasun Zinematografikoaren Britannia Saria eman zion BAFTA akademiak, eta Bizitzako Lorpenen Saria irabazi zuen Chicagoko zinema-jaialdian. Horretaz gain, Critics Broadcast Association elkarteak ematen duen Alan J. Pakula sari entzutetsua ere irabazi zuen, Steven Zaillianzuzendariaren A Civil Action (1998) filmean eginiko lanagatik. Urte horretan bertan, Urrezko Globoetarako izendatu zuten Mike Nichols zuzendariaren Primary Colors (1998) filmagatik, eta 2008an seigarren aldiz izendatu zuten Urrezko Globoetara, Hairspray arrakastatsuagatik.
Egin dituen film ugarien artean, nabarmentzekoak dira Saturday Night Fever (1977), hari esker lortu baitzituen Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako bere lehenengo izendapenak, eta 70eko hamarkadako disko fenomenoa piztu baitzuen. Ondoren etorri ziren Grease (1978), musikal ezagunaren zinemarako bertsioa, eta herritar kulturan eragin handia izan zuen Urban Cowboy (1980) arrakastatsua. Hona hemen egin dituen beste lan batzuk: Carrie (1976) eta Blow Out (1981) Brian De Palmaren thrillerrak; Amy Heckerling zuzendariaren Look Who’s Talking (Hara nor dabilen hizketan, 1989) eta Nora Ephronen Michael (1996) komediak; Jon Turteltaub zinemagilearen Phenomenon (1996); John Woo zuzendariaren Broken Arrow (1996) eta Face/Off (1997), azken hau Nicolas Cage aktorearekin, eta The General’s Daughter (1999), Madeleine Stowe aktorearekin. 2005ean Chili Palmer mafiosoaren azalean jarri zen berriz, Be Cool sekuelan. A Love Song for Bobby Long (2004) txalotuan ere ikusi genuen, Scarlett Johanssonekin.
2011ko otsailean Horzü aldizkari alemaniarrak omenaldia egin zion Berlinen, eta nazioarteko aktore onenaren Urrezko Kamera eman zion.
Hona hemen Travoltaren lan berriago batzuk: Wild Hogs (2007) arrakasta handiko komedia; Ladder 49 (2004) akziozko thrillerra; The Punisher (2004) komikiaren zinemarako egokitzapena; Basic (2003) drama; Domestic Disturbance (Gezurtia etxean, 2001) thriller psikologikoa; Swordfish (2001) akziozko film arrakastatsua; zientzia-fikziozko Battlefield Earth (Gudu zelaia: Lurra, 2000), eta Lonely Hearts (Bihotz bakartiak, 2006) polizia-filma. Gainera, Tony Scottzuzendariaren The Taking of Pelham 1 2 3 (2009) filmaren remakean ikusi ahal izan genuen, Denzel Washingtonekin, eta bere ahotsa jarri zion animaziozko Bolt (2008) filmeko protagonistari.
2009an Old Dogs (2009) filmeko protagonista izan zen, eta bertan Robin Williams, Kelly Preston eta Ella Bleu Travolta aktoreekin egin zuen lan; hurrengo urtean, From Paris with Love (2010) akziozko thrillerra egin zuen Jonathan Rhys Meyersekin batera.
Mark Steven Johnson zuzendariaren Killing Season filmaren errodajea bukatu berri du Georgian. Filmean Robert De Nirorekin egin du lan.
Abiazioaren munduan bi sari garrantzitsu lortu ditu: 2003an Amerikar Institutuaren Aeronautika eta Astronautika Fundazioaren bikaintasun saria irabazi zuen, hegaldi komertzialak sustatzeko egindako ahaleginengatik, eta 2007an, Abiazioaren Enbaxadore saria, Abiazioaren Legenda Bizien Sarietan.
Guztira hamaika pilotu lizentzia ditu: Boeing 747, Boeing 707, Gulfstream II, Learjet 24, Hawker 1251A, baita Eclipse, Vampire, Canadair CL-141, Soko, Citation I SP eta Challenger erreaktoreenak ere. Qantas Airways airelinearen enbaxadore globala da eta Qantas 707 hegazkina pilotatu zuen “Spirit of Friendship” mundu-biran zehar, 2002an.
Katrina urakanaren ostean, 2005ean, New Orleansera janaria eta medikuntzako hornigaiak eraman zituen Boeing 707 hegazkina pilotatu zuen, eta bost urte geroago, 2010ean, hornigaiak, medikuak eta boluntarioak eraman zituen Haitira, orduan ere 707 batean.