Askoren ustez bere belaunaldiko aktore onenetakoa da Ewan McGregor eta, zalantzarik gabe, publikoaren onespena irabazi du bere lanarekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan.
Egiazko historia batean oinarrituriko The Impossible draman Naomi Watts aktorearekin egin du lan McGregorrek eta, elkarrekin, 2004ko tsunamian zehar bizitako esperientzia izugarria eta ondorengo egunetan desastrearen erdian bizirauteko borroka kontatuko digute. Juan Antonio Bayonak zuzenduriko filmean McGregorrek Tailandian familiarekin oporretan dagoen aitaren eta senarraren rola egingo du, eta bidaia emozional berezi batez hitz egingo digu, bertan direla milaka pertsona akabatuko dituen garai guztietako katastrofe handienetako bat gertatuko baita. Lana aurtengo abenduan estreinatuko dute zinema-aretoetan. The Impossible lanaren ostean Ewan McGregor Warner Brosetxearen Jack the Giant Killer laneko protagonista izango da. Filma Jack and the Beanstalk alegiaren bertsio modernoa da (euskaraz Babarrun ale magikoak) eta Bryan Singer-ek zuzendu du. Estreinaldia 2013ko martxorako dago aurreikusita.
Duela gutxi, Mike Mills zuzendariaren historia pertsonalean oinarrituriko Focus Features etxearen Beginners (2010) filmean ikusi dugu Christopher Plummer aktorearekin. Filmak aktore-zerrenda onenaren eta film onenaren sariak irabazi zituen 2011ko Gotham Film Awards sarietan, film onenaren sarirako izendatu zuten 2012ko Independent Spirit Awards sarietan eta Zinema Arteen eta Zientzien Akademiaren arreta piztu zuen.
McGregorrek arrakasta handia izan du, halaber, Lasse Hallström zinemagileak arestian eginiko Salmon Fishing in the Yemen (2011) film hunkigarriagatik, zeinetan Emily Blunt eta Kristin Scott Thomas izan zituen kide. Filma 2011ko Torontoko nazioarteko zinema-jaialdian estreinatu zuten.
McGregor bere karrera osoan zehar rol ausartak eta indarrez beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da; ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting (1996) filmeko Mark Renton heroinazaletik hasita, Star Wars saga ezaguneko I. ataleko Obi-Wan Kenobi ospetsura, edo Nicole Kidmanekin Oscar eta BAFTA saridun Moulin Rouge (2001) musikalean eginiko Christianen rolera.
Hona hemen egin dituen filmetako batzuk: Haywire (2011), Steven Soderbergh zuzendariarena; Pierce Brosnan aktorearekin batera egin zuen The Ghost Writer (2010), Roman Polanskirena; Amelia (2009), Hilary Swank eta Richard Gere aktoreekin;Tom Hanksekin egin zuen Angels and Demons (2009), Ron Howard zuzendariarena; Jim Carreyprotagonistakide zuen I Love You Phillip Morris komedia (2009); Michelle Williams eta Hugh Jackmanaktoreekin eginiko Deception (2008); Incendiary (2008) drama erromantikoa; Woody Allenen Cassandra’s Dream (2007); Miss Potter (2006) lan biografikoa; Edward Blumzuzendariaren Scenes of a Sexual Nature (2006); Marc Forster zuzendariarennaturaz gaindiko Stay (2005) thrillerra, Naomi Watts eta Ryan Gosling aktoreekin; Michael Bay zuzendariaren The Island (2005), Scarlett Johansson, Djimon Hounsou eta Steve Buscemirekin; Star Wars: Episode II – Attack of the Clones (2002) eta Star Wars: Episode III (2005); Chris Wedgezuzendariaren Robots (2005) eta Gary Chapman zuzendariaren Valiant (2005) animaziozko filmak; Tim Burtonen Big Fish (2003), zeinetan Albert Finney, Billy Crudup, Alison Lohman, Jessica Lange eta Danny DeVitorekin lan egin zuen; Peter Mullan eta Tilda Swinton aktoreekin eginiko Young Adam (honekin Londreseko Kritikarien Zirkuluaren Sarirako izendatu zuten); Down With Love (2003), Renee Zellweger aktorearekin; Ridley Scottzuzendariaren Black Hawk Down (Black Hawk eraitsia, 2001) drama historikoa; Rogue Trader (1999); Urrezko Globoa irabazi zuen Little Voice (1998), Jane Horrocks eta Michael Caine aktoreekin batera; eta glam rock mugimenduari buruzko Velvet Goldmine (1998).
McGregorrek kritikaren gorespena jaso zuen Danny Boylezuzendariaren A Life Less Ordinary (1997) filmean eginiko lanagatik, eta hari esker britainiar aktore onenaren saria irabazi zuen (hirugarren aldiz) 1997ko Empire Movie Awards sarietan. Berriz ere protagonista izan zen The Pillow Book (1996) filmean, eta Shallow Grave (1994) BAFTA saridun lanari esker aktore onenaren sarirako izendatu zuten BAFTA Scotland Awards sarietan eta aktore onenaren Hitchcock D’Argent irabazi zuen.
Telebistan CBS kateko ER telesailerako eginiko “The Long Way Round” kapituluagatik kritikaren txaloak jaso eta artista gonbidatu onenaren Emmy saria irabazi zuen.
McGregor filantropo konbentzitua eta eraginkorra da, eta garapen bidean diren herrialdeetako haurrei eta emakumeei epe luzeko laguntza humanitarioa ematen dien irabazi-asmorik gabeko UNICEF erakundeko Borondate Oneko Enbaxadore da. Horretaz gain, mundu osoan aurki dezakegun Belstaff luxuzko britainiar markaren aurpegi berria da.
McGregor Eskoziako Perth hirian jaio zen, eta gaur egun Los Angelesen bizi da.