Tommy Lee Jones  aktoreak Oscar sari bat du eta Hollywoodeko artista ezagun eta  errespetatuenetako bat da.
Texaseko San Saba hirian jaio zen, eta  bere aitarekin lan egin zuen petrolio ustiategietan, St. Mark School of Texas  eskolan eta gero Harvard Unibertsitatean ikasi aurretik. Unibertsitatean Ingeles Filologia ikasi zuen eta cum laude kalifikazioarekin lizentziatu zen. Zineman egindako lehen lana Love Story (1970) izan  zen, eta hor hasi zen oraingoz lau hamarkada iraun dituen bere karrera bikaina.
Honako lan hauetan parte hartu du, besteak  beste: Eyes of Laura Mars (1978), Coal Miner’s  Daughter (1980) –honekin lehen aldiz izendatu zuten Urrezko  Globoetarako–, Stormy Monday (Astelehen  ekaiztsua, 1988), The  Package (1989), JFK (1991), Under Siege (1992), The Fugitive (Iheslaria, 1993), Heaven and Earth (1993), The Client (Bezeroa, 1994), Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994), Batman Forever (1995), Men in Black (Beltzez jantzitako gizonak,  1997), U.S. Marshalls (1998), Double Jeopardy (Traizio bikoitza, 1999), Rules of Engagement (Erasorako arauak, 2000), Space Cowboys (2000), Men in Black 2 (2002), The Hunted (Harrapakina, 2003), The Missing (2003), In the Electric Mist (2009), The Company Men (2010) eta Captain America:  The First Avenger (2011).
Jonesek bigarren mailako aktore onenaren  Oscar saria irabazi zuen The  Fugitive (Iheslaria,  1994) arrakastatsuko Marshall Sam Gerard zorrotzaren rolagatik. Rol horregatik,  halaber, bigarren mailako aktore onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen. Hiru  urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone  zuzendariaren JFK filmeko Clay Shaw pertsonaiarengatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahren haranean) film  txalotuan egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriz, eta,  urte horretan bertan, Oscar saria irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen.
Duela gutxi, K agentearen rola egin du  berriz Men in Black 3 filmean, eta abenduan estreinatuko den Steven Spielbergen Lincoln filmeko  protagonistetako bat da. Peter Webber zuzendariaren The Emperor filmaren errodajea amaitu berri  du Zeelanda Berrian. Lan horretan, Douglas MacArthur jeneralaren rola egin du. Datorren urtean, Malavita filmeko protagonista izango da Michelle Pfeiffer eta Robert De  Nirorekin batera.
1995ean  zuzendari gisa hasi zen lanean kritika bikainak jaso zituen TV movie batekin: Elmer  Kenton idazlearen The Good  Old Boys eleberrian oinarrituriko TNT katearentzako egokitzapena. Zuzendari izateaz gain, aktore ere izan  zen filmean, Sissy Spacek, Sam Shepard, Frances McDormand eta Matt Damonekin  batera. 2005ean The Three  Burials of Melquiades Estrada filmaren zuzendari, ekoizle eta  protagonista izan zen. Filma, gainera, Canneseko zinema-jaialdian lehiatu zen,  eta hari esker, aktore onenaren saria irabazi zuen. Duela gutxi, The Sunset Limited (2011) TV moviea zuzendu du HBO  katearentzat. Bera eta Samuel L. Jackson dira filmeko  protagonistak, eta Cormac McCarthyren lan batean dago oinarrituta. Bestalde, The Homesman idatzi,  ekoitzi eta zuzentzeko, eta filmeko protagonista izateko asmoa du.
Pantaila txikian  ere arrakasta ugari izan ditu. 1983an Emmy saria irabazi zuen The Executioner’s Song mini-telesaileko Gary Gilmoren rolagatik, eta 1989an Emmy sarietarako eta Urrezko  Globoetarako izendatu zuten, Lonesome Dove mini-telesailagatik. Telebistarako egin dituen lan ugarien  artean, The Amazing Howard  Hughes (1977), The  Rainmaker (1982) eta Cat  on a Hot Tin Roof (1984) daude.
1969an Broadwayko agertokietan egin zuen  debuta Jonesek, John Osborneren A Patriot for Me lanean. Horretaz gain, Four in a Garden eta Ulysses in Nighttown ere  egin ditu antzerkian.
Egin duen lanik berrienean, Hope Springs, protagonista  da Meryl Streep ezagunarekin batera. Filma Donostia Zinemaldiko Zabaltegi  Perlak sailean aurkeztuko dute.