"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Nire ibilbide profesionalarengatik sari bat jasotzeko goiz da, beste 60 urte igaro beharko dira tankera horretako aitortza jasotzeko”. Ironia kutsuarekin jaso zuen atzo 66 urteko Tommy Lee Jones aktore estatubatuarrak Donostia Saria, beretzat “ohore handia” den garaikurra.
Beste saridun batzuk ez bezala, Jones ez zen euskaraz hitz egitera ausartu ez zuelako “horren hizkuntza zahar eta ohoretsua hondatu nahi”. Hori dela eta, gaztelania eta ingelesa erabili zituen bere emazte Dawn Jonesi eta Donostiako publikoari esker ona emateko.
Julie Taymor zuzendariak eman zion saria azken lau hamarkadetan 60 filmetan egin duen lan “zoragarriarengatik”. Jonesek The fugitive, In the Valley of Elah eta Men in Black bezalako pelikuletan egindako lana goraipatu zuen: “Erregistro guztietako pertsonaiak landu ditu eta begirada batekin nahi duena lor dezake: jendeari negar edo barre eginarazi, berak nahi duena”.