"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bada Israel bat, edo Israelgo gizarte bat, gurera iristen diren notizietan azaltzen ez dena, militarren jantzi kakietatik harago dagoena, Gaza eta Zisjordania eta Nablusetik urrun bizi dena, itxuraz palestinarrekin arazorik ez duen hiri goi mailakoa, urez betetako iturriekin eta pasabide dotoreekin eta auto markakoekin eta igerilekuekin eta drogekin bizi dena. Israel bat identifikagarria, ez horren militarra, ez horren urruna, Israel bat europarra, hiritarra eta indibidualista, ustez gure gizarte honen antzekoa.
Israel bat non gazteen kezka nagusia harremana den, non sexua, drogak, musika, eta alkoholaren arteko koktelak helduak irudikatzera ere iristen ez diren errealitate paraleloak sortzen dituen, berri nagusietatik urrun. Eta hala ere eguneroko, eskuragarri.
Gili klase ertain horren erdian bizi den neskatila da, institutu bateko ikasle xumea, nerabe bat. Baina maila goragoko mutilekin harremanetan sartzeko obsesioak sexuaren inguruan eraikitako joko arriskutsura bultzatuko du, kontrolatuko ez duen zurrunbilo ero eta arriskutsura. Mutilen apeta bat-batekoen morroi, egoera eskuetatik joango zaio erabat, eta bera ere joko huts bihurtuko da, zorabioa kontrola ezin dezakeen zakilen menpeko panpina hautsia.
Film honek erakusten duen Tel Aviven irudi aberatsaren erdian, errealitate unibertsala nagusitzen da, gordina: sexuan oinarritutako botere gehiegikeriaren argazki latza, errealitate ustela.
A.B.