"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Egindako torturen akorduak benetako larritasun sentsazioa eragiten dio Alejandrori, 55 urteko txiletar militar ohiari. Une oro irauten duen larritasun sorra da, ohartu gabe ere barruak jaten dizkiona, eta ez da aurre egiteko gai. Iragana pisuegia da, nonbait. Edo egindako mina bere kontra bihurtu da beharbada. Ondorioz, ezin du gaur egungo errealitatean lasai bizi. Ez da bere lankide ohiekin moldatzeko gai, ezin du andrearekin harreman normalik izan, ezinezkoa du alabarekin komunikatu, ez ditu bizilagunak jasaten. Bere konpainia bakarrak ere, txakur handi eta zaharrak, azkenean berak ere pairatuko du nagusiaren ezinegona, tormentua. Beste mamu bat bizkar zorrorako. Beste bat gehiago, ez ahanzteko.
Ia elkarrizketarik gabeko narrazio itogarria da Fernando Guzzoni txiletarraren film hau,
pertsona baten akidura fisiko eta psikikoaren notizia ematen duen kontakizun iluna. Alejandrok ez du iraganaz pentsatu nahi, baina ezin dio oraingo uneari aurre egin. Bere estutasunen berri ematera medikuarengana joan denean, honek esan dio beharbada arazo psikikoak izan daitezkeela, baina militar ohiak aukera hori ukatu nahi du behin eta berriro, iraganeko mamuak berpiztu litezkeelakoan.
Azkenean, ia iraganean bezala, bide estu baina garbia erakusten dion aukeraren alde
egingo du. Konplikaziorik txikiena duena. Lurrean aurkitu ezin duen paradisua eskaintzen diona: erlijioa.
A.B.