"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiek horixe dute, pantaila batean bestela inoiz ikusiko ez genituzkeen filmak ikusteko aukera ematen digutela. Azken finean, horregatik dira interesgarriak, horri esker dira bereziak. Film txinatarrak maiz iritsi izan dira Donostiara azken urteotan. Gogoangarria da esaterako Lu Chuan zuzendariaren City of Life and Death, 2009ko Urrezko Maskorra saria jaso zuena. Gehienetan, ordea, ustekabean eta anonimaturen pean joan izan dira, hainbat arrazoi tarteko. Nagusiki, estetika eta tematikari dagokionez ikustera ohituta gauden zinemarekin dagoen aldea dela eta.
Horregatik, hurbilpen txiki bat dagoenean, filmak, istorioak, kontakizunak, elkarrizketak eta pertsonaiak hurbilxeagoak egiten zaizkigunean, identifikagarriagoak, ezagunagoak, orduan zubi bat altxatu dela esan daiteke. Orduan, prest gaude ekialde urrunetik datozen zuzendari, gidoilari eta aktore horiek guztiek esaten digutena entzun eta ulertzeko.
The love songs of Tiedan (Tiedanen maitasun kantak) lan honek dena du istorio erakargarria izateko. Shanxi eskualdeko herrixka txiki batean, Er-ren tai musika tradizionaleko kantari bat bizi da familiarekin. Kanta mota hori aspaldiko tradizioa da Txinako Barne Mongolia izeneko eskualdean, baina Iraultza Kulturalaren garaian, 1966tik 1976ra, debekatu egin zuten, beste kultur adierazpide ugari debekatu zituzten arrazoi beragatik, eta herrietako jendeari aisialdirako eta olgetarako modu garrantzitsuenetako bat kendu zioten.
Filmaren protagonistek galera hori bizi dute. Poetikotasun handiko kontakizunaren bidez, zuzendariak bikote baten arteko harreman ezinezkoa harilkatu du, ia bizitza oso baten narrazioa. Nola desagertzen den musika tradizionala paisaia publikotik, baina nola gorderik jarraitzen duen herriaren bihotzean; nolako harremanak dauden Mongoliako beste eskualdeko bizilagunekin, eta nolako urruntasunak; zer gertatzen den halabeharrezko maitasunak gehiegi irauten duenean.
A.B.