"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jessica Hausner Austrian jaio zen 1972an, eta Zuzendaritza ikasi zuen Vienako Zinema Akademian. Bere lehendabiziko film laburra, Flora (1996), Etorkizuneko Lehoinabarrarekin saritu zuten Locarnoko zinema-jaialdian; haren ostean, Inter-view (1999) filma egin zuen graduaziorako, eta Canneseko zinema-jaialdiko Cinéfondation programako epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen. Urte horretan bertan, bere ekoizpen-etxea sortu zuen, coop99, Barbara Albert, Antonin Svoboda eta Martin Gschlacht lagun zituela.
Bere lehendabiziko film luzeak, Lovely Rita (2001) eta Hotel (2004), Canneseko zinema-jaialdiaren Un Certain Regard sailerako aukeratu zituzten. Era berean, sendakuntza miragarrien anbibalentzia jorratzen duen Lourdes (2009) filma Venezian lehiatzeko gonbidatu zuten urte horretan bertan, eta Fipresci sari ospetsua irabazi zuen. Film horrekin, halaber, Sylvie Testud protagonistak emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Europako zinema-sarietan.