"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bai Ling Txinako Chengdu hirian jaio zen, eta egungo zinemagintzako aktorerik polifazetikoenetako eta xarmangarrienetako bat da. Hamalau urterekin hasi zen lanean Txinako Armadan, eta hiru urte eman zituen Tibeteko tropak entretenitzeko unitatean. Jon Avnet zuzendariaren Red Corner filmean Richard Gererekin protagonista izatea lortu zuenean bereganatu zuen lehendabizikoz ikusleen eta kritikaren arreta. Hainbat sari eskuratu zituen; esate baterako, National Board of Review kontseiluaren Breakthrough Performance saria, edota Hollywoodeko Emakumeen Prentsa Klubak ematen duen Discovery Star saria.
Bai Lingek zuzendari eta aktore prestigiotsuak izan ditu lagun: Ang Lee The Wedding Banquet (1993) filmean, Alex Proyas The Crow (1994) pelikulan, Oliver Stone Nixon (1995) obran, Will Smith Wild Wild West (1999) lanean, Jodie Foster Anna and the King (1999) filmean, Luc Besson Taxi 3 (2003) obran, Spike Lee She Hates Me (2004) pelikulan, Angelina Jolie Sky Captain and the World of Tomorrow (2004) zintan, edota George Lucas Star Wars III (2005) lanean. Broadwayn ere aritua da, eta Terrence Malik egilearen Sansho the Bailiff antzezlanean protagonistaren rola egin zuen.
Telebistan ere izan du arrakastarik. Lost telesaileko Achara sexi eta misteriotsua jokatu zuen, eta HBO telebista-kateko Entourage telesailean ere rol limurtzailea antzeztu zuen.
Bai Lingi Golden Horse Award saria eman zioten, Asiako Oscar sarien baliokidea, Hong Kongen lehendabizikoz filmatutako Dumplings filmeko antzezpen arriskatu eta bikainagatik. Era berean, The Hollywood Motion Picture Association etxearen Spirit Diversity Award saria ere lortu zuen. Richard Kelly zinemagileak zuzendutako Southland Tales (2006) filma Canneseko zinema-jaialdian lehiatu zen. Halaber, Shanghai Baby (2007) filmeko protagonista ere izan da. Azken boladan zortzi film egin ditu; horien artean, nabarmentzekoa da Taylor Hackfordekin egindako lana Love Ranch (2010) pelikulan, Helen Mirren eta Joe Pesci aktoreen alboan. Baita Crank 2: High Voltage (2009) komedian egindako lana ere, Jason Statham aktorearekin batera. Beste bi filmetan parte hartzeko eskaintza egin berri diote; hain zuzen, Repeater eta Pandora’s Box pelikuletan.
Gaur egun, Nipples – Pieces of My Dream filma postprodukzio fasean dauka; film horrekin egingo du debuta zuzendari gisa. Era berean, hiru dimentsiotan grabatutako lehendabiziko filma amaitu berri du: Back 2 Hell. Hemendik gutxira argitaratuko du lehendabiziko liburua, Naked in Tibet, eta abeslari gisa ere lanean ari da, I Don’t Care lehen singlea editatzen.