"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Norvegiako Sandefjord hirian jaioa, Bent Hamer zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta BulBul ekoizpen-etxe zinematografikoaren jabea da. Osloko Unibertsitatean bi urtez Zuzenbidea ikasi ostean, bela-ontzien patroi gisa lan egin zuen hainbat urtez. 1986an Stockholmera joan zen bizitzera, eta Teoria Zinematografikoa eta Literatura ikasi zuen Stockholmeko Unibertsitatean, baita Zinematografia Errealizazioa ere, hiri horretako bertako Filmskola zentroan.
Bere azken filma, Home for Christmas, 2010eko azaroan estreinatu zuten Norvegian. Aurretik, ordea, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
O’Horten (2007) 2008ko Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zuen nazioartean. Era berean, honako filmak ere egin ditu: Factotum (2005), Kitchen Stories (2003) eta Eggs (1995), guztiak ere Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztuak. Kitchen Stories filmak Europa Cinémas saria eskuratu zuen Cannesen, eta Eggs eta Kitchen Stories obrek, berriz, Nazioarteko Kritikaren saria (FIPRESCI).
O’ Horten eta Kitchen Stories, gainera, Oscar sarietarako aukeratu zituzten Norvegian.
Bent Hamer zinemagilearen filmak 40 herrialdetan baino gehiagotan banatu dituzte; mundu zabaleko jaialdi ugaritan parte hartu dute, eta 40 sari inguru eskuratu dituzte.