"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sophie Okonedo Londresen jaio zen, eta Royal Academy of Dramatic Art zentroan ikasi zuen. Antzerkian, zineman eta telebistan lan egin du. Bigarren emakumezko aktorerik onenaren Oscar sarietarako izendatu zuten Terry George zinemagilearen Hotel Rwanda (2004) filmarekin, baita miniserieetako emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa eskuratzeko ere, Tsunami: The Aftermath (2006) filmean egindako antzezpenagatik. Bitan hautatu dute BAFTA sarietarako Mrs. Mandela (emakumezko aktore onena) eta Criminal Justice (bigarren emakumezko aktore onena). Horrez gain, beste bitan aukeratu dute British Independent Film Awards sarietarako ere: bigarren emakumezko aktore onenaren saria eskuratzeko, Stephen Frears zuzendariaren Dirty Pretty Things (2002) filmean egindako lanagatik –Donostia Zinemaldiaren 50. edizioaren Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zuten–; eta emakumezko aktore onenaren saria lortzeko Skin (2008) lanarengatik. Halaber, Black Reel Award saria eskuratu zuen 2005ean Hotel Rwanda (2004) lanarekin, eta beste bitan ere proposatu dute sari hori bera eskuratzeko: The Secret Life of Bees eta Skin lanengatik (2008koak biak). Era berean, telebistarako egindako Never Never (2000) filmean egindako antzezpenagatik Royal Television Society sarirako proposatu zuten.
Zineman 1991ean egin zuen debuta Young Soul Rebels filmarekin, eta honako lan hauek ere egin ditu: Ace Ventura: When Nature Calls (1995), This Year’s Love (1999), Mad Cows (1999), Cross My Heart (2003), Aeon Flux (2005), Stormbreaker (2006), Scenes of a Sexual Nature (2006) eta Martian Child (2007).
Telebistarako egindako lanen artean daude In Defense (2000), Clocking Off (2002), Spooks (2003), Oliver Twist (2007), Father and Son (2009) eta Doctor Who (2010).