"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sun eta Lucas zeharo maiteminduko dira elkarrekin, neska Bartzelonan Erasmus proiektua egiten ari dela. Urtebeteren buruan bere herrialdera itzuli beharko du; hortaz, maitasunak amaiera-eguna du. Baina hamahiru hilabete dituzte aurrez aurre, bizitzako urterik onena igarotzeko. Puzzled Love Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Ikastegi Nagusiaren (ESCAC) proposamen harrigarria da, Escándalo Films etxeak ekoitzia: bikote-harreman baten istorioa, 4. ikasturteko ikasleek idatzitako eta zuzendutako hamahiru ataletan kontatua. Umorez eta erromantikotasunez betetako kontakizuna, Espainiako zinemagintzako hamahiru esperantzaren estiloen bidez ikusia.


