"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) urteko film onenaren Sari Nagusia THE TREE OF LIFE filmari emango dio (Terrence Malick). FIPRESCIko kide diren mundu osoko 205 kritikarik azken urtean estreinatutako film luzeen artetik bat aukeratzen dute, bozketa bidez, Sari Nagusia emateko. Saria 59. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan banatuko dute, irailaren 16an, Kursaal jauregiko auditoriumean.
THE TREE OF LIFE (Terrence Malick) filmak inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren aurtengo edizioko Zabaltegi-Perlak saila; aurreko maiatzean Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen. Filmak Brad Pitt eta Sean Penn ditu protagonista, eta giza existentziaren zentzuari buruzko hausnarketa poetikoa eta pertsonala egiten du.
Terrence Malick zinemagileak 1974an film onenaren Urrezko Maskorra eskuratu zuen Badlands filmarekin, eta FIPRESCIko kide guztiei eskerrak eman dizkie errekonozimendu honengatik.
Terrence Malick jaunak ezin izango du inaugurazio-galara etorri; hori dela eta, Espainian filma banatu duen Tri Pictures etxeko ordezkari batek jasoko du saria.
FIPRESCI Sari Nagusia munduko zinema-zuzendari garrantzitsuenetakoek eskuratu dute Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioetan: Pedro Almodóvar, Paul Thomas Anderson, Jafar Panahi, Kim Ki-duk, Aki Kaurismäki, Nuri Bilge Ceylan, Jean-Luc Godard, Cristian Mungiu, Michael Haneke edota Roman Polanski zuzendariek, esate baterako.
Informazio gehiago: