"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sentados frente al fuego heriotzaren miaketa bat da. “Heriotza bizitzaren parte bezala aztertzen du nolabait”, azaltzen du filmaren zuzendari Alejandro Fernández Almendrasek. Jorge Teillier olerkigilearen poema baten izenburua darama eta, zuzendariaren arabera,“baita espiritua ere”.Egunkari batean bezala Daniel-en eguneroko bizitza kontatzen du, eta bizitza errealean gertatu ohi zaigun moduan “gauza handiak gertatzen dira sarri baina denboraren distantzia behar da zer gertatu den ulertzeko”, adierazi du Fernándezek.
Daniel eta Alejandra, 40 urte inguruko bikotearen inguruan mugitzen da zuzendari txiletarraren istorioa.Elkarrekin,landara joango dira bizitzera baina Alejandra gaixorik dago eta gaitzak poliki-poliki bizitzari lehia irabaziko dio.Gaixotasuna ez da ordea elkarrizketetan edo irudietan gailentzen den gaia. Maitasun istorio bat da honakoa, baina maitasun erreala eta inperfektua.
Aspaldiko proiektua zuen hau errealizadore txiletarrak. Huacho, bere aurreko filma prestatzeko ikerketa egiten zegoenean ezagutu zuen gizon baten istorio eta izaerak sortu omen zion Fernándezi proiektu hau egiteko irrika. “Gizon gogorra zen itxuraz, landakoa, baina orduan urte bete emaztea galdu zuen gaixotasunak jota eta hari buruz hitz egiten zuen bakoitzean negarzotinka hasten zen. Benetan hunkitu ninduen, izan ere amodio istorioak edo bikoteen erlazio sofistikatuenak hezkuntza maila altuagoa duten pertsonekin erlazionatu ohi ditugu baina ez da horrela: sentimenduak unibertsalak dira eta gizarte mailak edo jatorriak ez du horrekin zerikusirik”.
Proiektua aurrera eramateko zailtasunak ere izan dituela dio zuzendariak, filmaketa ia urte betean zehar egin delako bereziki. Hala ere, eta taldea batuta mantentzea erraza egin ez bazaio ere, prozesuak istorioa bera aberastu duela kontatzen du Fernándezek: “Hasieran ezagutu nuen gizon haren maitasun istorioa idealizatu egin nuen, vaina grabaketan zehar ñabardurak gehitu dizkiogu eta kontakizuna borobiltzen joan da”.
Sentados frente al fuego filmarentzat Zinemaldia “abiapuntua” dela dio Fernándezek. Sariez aparte, hemen egotea filmaren bultzada izatea espero duela dio. “Badakit ez dela film erraza, narrazio zinematografiko arruntetik at geratzen delako, vaina uste dut hemen bere ikuslegoa topatzeko aukera izango duela”. Datorren urteari begira, Alejandro Fernándezek polizia film bat grabatzeko proiektua martxan dauka. “Generoko pelikula izango da baina pertsonaien sentimendu eta justifikazioek garrantzi berezia izango dute”.
I.O.