"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Edonork egin dezake hau”esaten dio Andyk (Philip Seymour Hoffman) Hank bere anaiari (Ethan Hawke), honek, zalantzak janda eta kontzientziaren ausikiak barruraino min ematen diotela, etsitzen hasi eta atzera egin nahi duela jakinarazten dionean. Baina ez, norbere gurasoen bitxi denda ezin du edonork lapurtu. Edonork ezin du amaren bizitza arriskuan jarri, drogek eta alkoholak eta prostituta garestiek eta bereizketa penagarriek eragindako zorrak kitatzearren. Edonork ezin du dena horrela pikutara bidali. Baina,“hau da gure etorkizuna” esaten dio anaia nagusiak. Txikiak sinesten dio.
Thriller interesgarri honen ardatzean zalantza hori dago: noraino hondatu dezakegun gure bizitza etsipenak kolpatzen gaituenean. Bi anaien arteko harremanak Rich man, Poor man telebista saio arrakastatsu hura gogoratzen dute.Andyk itxuraz arrakasta dauka bizitzan, Hank familiaren gorabeherengatik jota dago ordea. Baina Andyk zor handiak ditu, eta anaia pobrearen kolaborazioa nahi du ustezko egitasmo biribilarentzat: gurasoen negozioan sartu eta lapurreta egingo duen morroia kontratatu nahi du, pentsaturik amak ez diola lapurrari aurre egingo, kontu erraza izango dela, eta aseguruaren bidez gurasoek gero dena berreskuratu ahal izango dutela. Lortutakoarekin, bi anaien arazo ekonomikoak amaituko dira, eta gurasoek hasieran disgustua hartu bai, baina erretirotik gertu daude, ez da ezer gertatuko.