"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ausardia eta kemena saritu ditu epaimahaiak Bi anai, Imanol Rayok aurkeztutako luzemetraian. Pelikula horrek jaso du aurtengo Serbitzu Zinemira saria. Denera hiru pelikula zeuden lehian, Bi anai luzemetraia, eta El último paso eta Nao Yik dokumentalak.
Bi anai filmaren egileak hartutako arriskuak, bere zinea ikusteko modua, eta Bernardo Atxagaren liburuaren irakurketa ausarta izan dira epaimahaikideek filma honi ikusi dizkioten bertuteak. Honela dio epaiak: “Irudi biluzi eta zainduak elkarri lotuz eta soinua eta isiltasuna trebetasunez erabiliz, zinema ikuskera erradikal eta ausarta muturreraino eramaten duelako”.
Erabaki zaila izan zen, Joxean Muñoz epaimahaikideak azaldu zuenez: “Hiru filmak genero ezberdinetakoak ziren eta bat aukeratzea ez da erraza izan, hirurak baitira pisu handikoak eta trinkoak. Halere, nire ustez, estilo nahasketa pozgarria izan da eta ona euskal zinearentzat, eta ez dugu horretan oinarritutako baloraziorik egin”.
Epaimahaia Maddalen Lujanbio bertsolariak,Ramon Agirre aktoreak eta Joxean Muñoz idazle eta gidoigileak osatu dute.
Saria, atzo jaso zuen Imanol Rayok, Zinemira galan bere filma jende aurrean estreinatu aurretik, hain zuzen ere. Zuzendari nafarrak berarekin lanean aritu den talde osoari eman zizkion eskerrak, bere lehen filma saritua izan zela jakitean. Serbitzu Zinemira Saria, 20.000 eurokoa, Benat eta Unai Ibarbia ekoizleentzat izan da.
Bestalde, Zinemira gala honetan bertan,“The Hollywood Reporter” aldizkariko Pamela Rolfe eta “El País” egungariko Rocío García kazetariek, Eusko Jaurlaritzak emandako saria jaso zuten, Euskadiko irudia munduan zehar zabaltzeagatik. Galaren ondoren, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun animazioko film laburra proiektatu zen eta saritutako Bi anai luzea.
A.D.