"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiaren jarraitzaile eta zinezalea denez, Ixak Salaberria Fagollaga jatetxeko sukaldariak berehala baietz esan zion aurtengo Culinay Zinema sailean parte hartzeko proposamenari.“Basque Culinary Centerreko zuzendariak deitu zidan eta berehala onartu nuen. Nik uste dut horrelako aukerak oso erakargarriak eta interesgarriak direla,bai pertsonalki eta baita profesionalki ere”. Salaberria ziur dago aurten Zinemaldiak abian jarri duen sail berriak jarraipena izango duela ondorengo urteetan.“Bai Donostian, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrian ere lotura handia dago sukaldaritzarekin, eta ondorioz Zinemaldian presentzia edukitzea egokia da. Oso ezkontza ona da.Orain sukaldaritza mota batekin hasi gara, autore-sukaldaritza, baina den- borarekin sukalde tradizionalagoa eta beste estilo batzuk ere sartzen joango direla ziur nago”.
Ixak Salaberriak ez du ezagutzen pertsonalki Kopenhageko Noma jatetxea, azken bi urteetan munduko onena, adituen ustez, baina asko zuen irakurria eta entzuna.Orain, Christian Vorting zuzendariaren Noma på kogepunktet / Noma at Boiling Point filmari esker, barruraino sartu ahal izan du, eta “profesional bezala oso interesgarria” iruditu zaio. Filma honetan oinarriturik prestatu beharko du gaur gauerako afaria. “Noma jatetxearekin antzekotasun bat bilatzekotan,
produktuen bikaintasunean aurkituko nuke, beti gabiltzalako produktu naturalenak bilatzen, artifizio gutxikoak. Baina nik prestatuko dudan afariak ez du zerikusirik izango Noman egiten denarekin, noski. Saiatu naiz erreferentzia produktuetan bilatzen, batez ere izokina eta bakailaoa baitira Danimarkako sukaldaritzaren oinarria. Eta bi jakiok sartu ditut nik. Izokina, tipulinaz eta alga baten zukuaz jantziko dut, eta bakailaoa berriz, arrautza itxurakoa izango da, eta espinakaz inguratua aurkeztuko dut”.
Filma gaur arratsaldeko sei terdietan proiektatuko da Principe 9 aretoan. Aurkezpenaren ondoren, zuzendaria eta filmeko talde osoa Fagollaga jatetxera joango dira, Ixak Salaberriaren afaria dastatzera.
A.D.